"Kirol taldeetan euskara ez erabiltzea ohitura arazoa da"

  • Futbolean azken boladan mugitzen ari diren diru kopuruen lizunkeria ikusita, poza ematen du oinak lurrean ondo bermatuta dituen eliteko kirolari batekin berba egiteak, eta ez gara ari bakarrik San Mameseko ezker hegaleko lurraz. Euskara bultzatzen jo eta ke dabil Koikili Lertxundi (Bilbo, 1980) Athleticeko jokalaria, futbol zelaian darabilen adore berarekin.
Koikili Lertxundi
Koikili LertxundiIñigo Azkona
Athleticen lehen taldera ia ezustean iritsi zen, 2007/08 denboraldian, Historian lizentziatutako otxandiar hau. Lehengo lanbidea ez zuen utzi haatik. Itzarri enpresako sortzaileetako bat da, eta zuzendaritza eta koordinazio lanak egiten ditu bertan. Lan horietako askok euskara sustatzea dute helburu.

Itzarri ezagutzaren gestio enpresa da, euskarari berebiziko garrantzia ematen diona. Nondik datorkizue euskaltzaletasuna?


Jatorriz. Kide guztiak euskaldunak gara gaur egun, eta izena ere euskaraz du enpresak. Hasieratik eman genion garrantzia euskarari, lehenengo gure buruarekiko, euskara baloretzat hartuz, eta gero saltoa eman genuen euskara sail berezia sortuz. Sail horren eginkizuna zen, batetik, Itzarri euskaldunago bihurtzea, eta gainera zerbitzuak eskaintzea besteei, euskaldunagoak izateko. Hezkuntza arloan tailer bat ematen dugu, eta badugu beste zerbitzu bat kirol elkarteentzat, gazte mailara arte lan-saioak euskaraz egin ditzaten. Horretan gabiltza murgilduta azken urte eta erdian.

Langile guztiak euskaldunak izanda ere, ez da erraza euskaraz aritzea enpresa munduan...


Guk hori ematen dugu bezeroak eskatu ala ez. Askotan, egiten ditugun lanak txosten batean aurkeztu behar dira, eta aurkezpenak bezeroaren araberakoak izaten dira, baina gure dokumentazio guztia euskaraz eta erdaraz dago. Horrek lan zama handitzen digu. Kasu batzuetan, bezeroa euskalduna bada, euskara hutsez ematen diogu dena. Kirol elkarteetan euskarazko lan-saioak bultzatzen ari garenez, udaletako euskara zerbitzuekin dauzkagu harremanak, eta horiek, logikoki, euskara hutsezkoak dira.

Kirol elkarteetan zer aurkitu duzue euskararen presentziari dagokionez?


Probintziatik probintziara alde handia dago. EAEn, Gipuzkoan ohitura dago kalean erabiltzeko, Bizkaian ez eta Araban gutxiago. Hori da dagoena, eta kirola ez da salbuespena.

Bizkaian, eskualde euskaldunetan ere erdara nagusi?


Erabiltzen da euskara, baina badaude euskaldunak direnak eta erabilera nahiko baxua daukatenak. Kirolean asko nabaritzen da. Zoritxarrez ohitura arazoa da, ez da ezjakintasuna. Guk hori ikusi dugu proiektu batzuetan, eta gainera horiei bideratuta dugu lana: entrenatzailea euskalduna izan, jokalarien %90 euskaldunak izan, baina euskararen erabilera zero da. Hor eragin behar dugu. Egia da entrenatzaileek hiztegi aldetik gabezia daukatela, formazio aldetik ere bai, baina batez ere ohituran daukate gabeziarik handiena. Hor eraginez uste dugu lor daitekeela behe mailako taldeak euskalduntzea.


Zelan, ordea?


Guk dugun formatuan bizpahiru pertsonek ematen ditugu saioak. Bat erreferentea da; kasu horretan ni saiatzen naiz saioetan egoten, batez ere umeei begira, motibazioa izateko eta eurek ikusteko beraientzat erreferentea den pertsona batek euskara normaltasunez erabiltzen duela, eta ez behartuta. Hasieran esaten diegu: hona etorri gara saioa euskaraz ematera, baina nahi duguna da zuek normaltasunez erabiltzea. Hau da, normalean erdaraz egiten baduzue, eta ulertzekoa da ohituta zaudetelako, ba egin erdaraz, baina gu hona euskaraz egitera gatoz.


Atxikimendua lortzea da helburua...


Bai. Nahi duguna da eurei gustatzen zaien ekintzan, kasu honetan futbola –zerbitzua batez ere futbolera bideratzen da–, euskara erabiltzea normaltasunez eta behartu gabe. Nahiko emaitza onak lortu ditugu.

Badaude kirol batzuk beste batzuk baino euskaldunagoak?


Uste dut baietz. Baina kirol motak baino eskualdeak du zerikusia. Eskualderik euskaldunenetan kirol gehienetan euskaraz egiten da. Eta oso inportantea da entrenatzailea. Azken batean hura da transmisore nagusia, eta guk horri eragin nahi diogu, entrenatzaile euskaldunekin lan eginez.


Eta zer jarrera dute entrenatzaileek?


Ona. Entrenatzaile euskaldunak bilatu ditugu, eta guk lagundu egiten diegu. Saio bereziak antolatzen ditugu –horretarako Athleticen laguntza izan dugu, metodologia prestatzeko–, eta saio horiek ematen dizkiegu entrenatzaileei. Hasieran hainbat ariketaren azalpena egiten dugu, baina gero laguntzaile hutsak gara, nahi duguna da entrenatzaileak zuzentzea saioa. Ez guk, hurrengo egunean ez garelako egongo. Gainera, hiztegi tekniko txikia prestatu dugu, kontsultarako balio diezaiekeena, kontzeptu sinpleekin. Uste dut lortu dugula sentsibilizatzea behintzat.

Betikoa: herri gehienetan ume gehienek badakite euskaraz, baina noraino eragiten du batek edo bik ez jakiteak?


Hori normalean aitzakia da entrenatzailearentzat. Berarentzat erosoagoa delako euskaraz ez egitea. Kontua da gehienak euskaldunak izanda euskarak ez daukala lekurik. Horretarako ere lanean gabiltza, eta demostratu dugu saio bat euskaraz eman daitekeela nahiz eta batzuk erdaldunak izan, eta erdaldun horiekin erdara erabili.


Eskoletan ere ari zara euskara sustatzeko programa batean parte hartzen, Jose Angel Iribarrekin batera. Jakina, zure irudia baliatzea da gakoetako bat. Athleticek fitxatu zintuenean ikusi zenuten proiektua aurrera ateratzeko abagunea egokia zela?


Tira, erabili dugu geure irudia indartzeko, enpresarentzat aukera ona zen. Lehenago ere eremu komertzialean egiten nuen lan, eta badakit zein zaila den. Orain, ezaguna naizenez, erraztasunak ditut jendearekin harremanean jartzeko. Zoritxarrez horrela dago antolatuta gizartea. Gure hausnarketa izan zen: orain badugu aukera hori eta kalitatezko zerbitzuak eskaintzeko erabili dezakegu, gainera euskara bultzatuz.
Messirekin euskaraz

Elkarrizketa hau Lezaman egiten ari garenez gero... Zer presentzia dauka euskarak Athleticen aldagelan?


Egia esan nahikoa. Euskaldun gehienon artean euskaraz egiten dugu, esango nuke jokalarion %60 garela euskaldunak, eta erabilera, guztira, %40koa dela.


Eta erabiltzen duzue euskara partiduetan, aurkariek zer jokaldi egingo duzuen ez igartzeko?


Bai, gainera Joaquínek [Caparrós] beti eskatzen digu hala egiteko, baita aurkariari kontzentrazioa galarazteko ere. Kopako finalean Messiri etengabe euskaraz egiteko esan zidan. Eta estrategia jokaldietan, noski. Taldeko erdaldunek ere menperatzen dute hiztegi txiki bat.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude