Jainkoa laikoa da

Dani Blanco
Azkenaldi honetan asko idatzi da prentsan erlijioaren irakaskuntzaz ikastetxeetan, Estatuaren laikotasunaz, eta abar.

Espainiako Konstituzioak ideologia, erlijio eta kultu askatasuna bermatzen die gizabanakoei eta elkarteei, ordena publikoaren muga bakarrarekin (16.1 art.); beraz, eliza katolikoa, beste kristau-elizak, gainerako erlijio-elkarteak... aske dira nahi dutena sinetsi eta adierazteko, eta hori beren jarraitzaileei irakatsi eta ezartzeko; aske dira, adibidez, beren kideren bat abortu-egile edo homosexual praktikantea baldin bada, elkartetik bota edo infernuko –ez mundu honetako– sutara bidaltzeko... eta aldi berean Irakeko gerraren arduradunak amultsuki beren altzoan hartzeko... Bidegabekeria onartezina da, ordea, beren ikuspegiak gizarte osoari ezarri nahi izatea, inor behartu gabe bide berriak ireki eta eskubideak hedatzen dituzten legeak eragozteko presio egitea, eta abar. Eta are bidegabeagoa da Espainiako eliza katolikoaren jokaera, frankismo osteko trantsizioan Estatuak berretsi zizkion pribilegioez baliatzen baita horretarako.

Gero eta gehiagoren ustez, eliza katolikoak uko egin beharko lieke pribilegio horiei, sinesgarritasun espiritualik nahi badu... edo Estatuak kendu egin beharko lizkioke, bere laikotasun-aldarrikapenetan sinesgarritasun politikorik nahi badu. Beraz, ikastetxeetan Estatuak ordaindutako irakasleekin erlijioa irakastea exijitu ordez –eta horretarako epaitegietara jo beharrean–, hobe litzateke eliza katolikoak, ikastetxeetatik kanpo, bere eraikinetan bildutako kideei bere irakasleak erabiliz erlijioa irakastea edo doktrina ematea edo... beste kristau-eliza batzuek egiten duten bezalaxe.

Gero eta gehiagoren ustez, eliza katolikoak uko egin beharko lioke Errenta Aitorpenaren eta abarren bidez Estatuak biltzen eta ematen dion diruari. Bidezkoagoa litzateke bere elizkideek zuzenean emandako diruaz bizitzen hastea –beste erlijio-elkarte batzuek egiten duten bezalaxe–.

Jakina, bi neurri horiekin eliza katolikoa kinka larrian sartuko litzateke Espainian, bere kideen benetako kopuruaren eta egiazko konpromisoaren aurrean aurkituko litzateke eta. Baina krisialdi horretatik pasa beharra dauka noizbait, “ez baldin badu guztiz galdu nahi nahiko eskas duen fama” (Xabier Lete dixit), edo era positiboan esanda, Ebanjelioaren arabera bere burua eraberritu eta Jesusek nahi zuen bezalako Eliza izan nahi badu egunen batean. Horretan lagungarri gertatuko litzaioke noizean behin G. Lohfink biblista katoliko alemanaren La Iglesia que Jesús quería liburua irakurtzea (DDB, Bilbo 1986).

Hego Euskal Herrian ere kontraesan handi samarrak ditugu, gizarteko aldaketa lasterrekiko koherentzia handirik gabe iraganari eta tradizioei atxikiegi jarraitzen dugu eta. Nafarroan inon baino beharrezkoagoa dirudi gizarte zibilaren eta erlijioaren eremuak ongi bereizi eta banatzea. EAEn, xehetasun txiki bat izan bazen ere, niri ondo iruditu zitzaidan Patxi Lopezek lehendakaritza hartzerakoan Biblia eta Jainkoa bakean uztea. Biblia irakurri eta hausnartzeko baita, ez gainean zin egiteko. Eta Jainkoaren izena, berriz, “ez da alferrik erabiltzeko” (Ir 20,7), eta ez dut esan nahi aurrekoek hori egin zutenik. Baina behin hasita, ona litzateke aurrerantzean lehendakaria ez ikustea Donostiako Salbean, edo Loiolako, Arantzazuko, Armentiako, Begoñako... erlijio-ospakizunetan, ez behintzat ofizialki euskal herritar guztion ordezkari gisa. Edo eraikin publikoak bedeinkatzeari uztea, eta beste ohitura asko eta asko serio aztertzea.

Susmo sendoa dut Jainkoa zeharo laikoa dela, “hark zintzoentzat eta gaiztoentzat ateratzen baitu eguzkia, eta zuzenentzat eta zuzengabeentzat isurtzen euria” (Mt 5,45).

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude