argia.eus
INPRIMATU
Garoña eta enplegua
Juan Mari Arregi 2021eko ekainaren 30a
Euskal Herritik gertu dagoen Garoña, zentral nuklear arriskutsu eta zaharkitua, 2013 arte irekita mantentzeko Espainiako Gobernuaren erabaki salomonikoak, oso erreakzio ezberdinak izan ditu eragile politikoen, sindikatuen, patronalaren eta ekologisten artean. Espainiako Gobernuaren jarrera ez dator bat bere hauteskunde promesekin eta energia berriztagarrien aldeko balizko apustuarekin. Ustezko demokrazia parlamentarioan gaudenean, herri borondatearekiko errespetu falta da hori, Batzar Nagusietako mozioetan, udaletan, Gasteizko Parlamentuan eta herri mugimendu ugaritan adierazitako borondatea. Hemen nabarmendu nahi duguna da Garoñako eta eskualde hartako enpleguaren gaia. Bai Gobernuak, bai nuklearren lobbyak, baita enpresa eta langileen batzordeak ere, arrazoi hori erabili dute zentrala irekita mantentzeko edota bere bizitza 2013 arte luzatzeko.
 
Espainiako Gobernuak eta lekuko administrazioek, baita enpresa batzordeak ere, urte asko dira bazekitela zentral zaharkitu hori lehenago edo geroago itxi egin behar zela. Zer egin dute azkeneko urte hauetan lanpostu alternatiboak sortzeko edo enplegua exijitzeko? Zapaterok dio Garoñaren bizitza luzatuko dutela lanpostu alternatibo horiek sortzeko denbora izan dezaten. Zinismo hutsa! Enpresa batzordeak Garoñaren itxiera arbuiatzen du beren lanpostuen defentsan. Pedagogia berria behar da sindikatuetan eta enpresa batzordeetan langileak ez manipulatzeko. Enplegu bat izateko eskubideak ezin du egon beren familiaren eta Garoñako arrisku eremuan bizi diren ehunka milaka pertsonen bizitza eskubidearen gainetik. Eta Garoña segurtasunik gabeko munstro arriskutsua da, populazioarentzat eta ingurumenarentzat hondamendi konponezina sortzeko kapaza. Hondamendi horren arduradun izango lirateke Zapateroren Gobernua eta nuklearren industria. Eta baita enpresa batzordea bera ere.