Alfa eta omega

  • Karlos Linazasoro :: Etxe hutsean

    Alberdania

    Orrialdeak ::68

    prezioa ::12 €

Etxe hutsean
2004an, ia batera joan zitzaizkion Karlos Linazasorori ama eta aita, eta eurek utzitako etxe hutsean idatzi ditu, terapia antzera, liburu honetako poema bihotzekoak. Oroitzapenak bizitzarekin nahastu zitzaizkion halabeharrez tolosarrari. Gurasoei agur esan die liburu honekin, era berean diosal eginez txikitako, gaztetako, betiko txoko, jostailu, berba, altzariei…

Etxe hutsean samur hau ez da kantu etsitu bat, heriotzari zentzua bilatzeko –beste– ahalegin bat baino. Heriotza eta gomutak, honenbestez, liburuko pertsonaia bihurtzen dira, autorearekin batera.

Lirismo sinple eta hurrekoa erabiliz, Linazasororen estilo jolastiarekin eta artifizio barik idatzia dago liburua. Fina da haikuetan laburbiltzen dituenean hainbat sentimendu, dibertigarria da aspaldiko pasadizoak dakartzanean eta ederra, uneka, etxe hartan bizi izan zen haurrari uzten dionean boligrafoa hartu eta idazten.

Poema estandar bat eta hiru haiku, beste poema estandar bat eta hiru haiku… egitura horri jarraituz eroango zaitu Linazasorok intimitateraino, autoreak berak egindako marrazki lazgarriek doluaren samina gogoraraziko dizutelarik. Fama txarra dauka heriok, baina poetak, kasu honetan, desmitifikatu egin du, hizkera ulerterrazera ekarri du, bizitzara ekarri du: “Beheko sua/ burruntzi urdinkaretan/ urtuz, gaixua.// Entzun oraindik/ txingarrek utzi zuten/ musu usaina!”. Ederto ekidin du autoreak hain arriskutsua izan ohi den gehiegizko nostalgia. Badiot: bizi-bizirik dago heriotza liburuan, eta beraz bete-beterik dago etxe huts hau ere.

Sinplea baina sakona, horrelakoa da Linazasorok proposatzen digun terapeutika, normala delako norberaren munduetako bat desagertzean norbere zati bat ere desagertzea, eta amorrua sentitzea, gero malenkonia, inoiz baita harridura ere. Zainetan poesia daramanak galerari kantatzen dionean, ostera, zentzua har dezake absurdurik handienak ere: ahazten laguntzen du gogoratzeak.

Linazasorok dio ez dela egundo gehiago itzuliko gurasoen etxera, ez dituela zapalduko zoru horiek. Egia esan, beti distiratsu egongo dira liburu honetan. Beti beteta.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude