Estatuaren despotismoari ekimen bateratua dagokio

  • Ipar Euskal Herriko egoera soziopolitiko eta ekonomikoak erantzun sendoak behar ditu. Larrialdi egoerak aspaldiko indar politikoak mugiarazi ditu eta berriak sorrarazi. Hamabost urteko borrokaren ondoren, Sarkozy buru duen Estatuak erantzun bateratua jaso behar luke.
Mikel Asurmendi @masurmendi
2009ko uztailaren 12a
Autonomia Kolektiboa
Autonomia KolektiboaGaizka Iroz
Ipar Euskal Herria lurralde ezezagun samarra da oraindik ere Hegoaldeko herritarrentzat, eta are ezezagunagoa bertako politikagintza. Euskal Herriaren nazio eraikuntzaren aldeko askorentzat ezezaguna ere badela esan liteke. Artikulu honek, Iparraldeko politikaren egoeraren gainean argibide batzuk ematea du xede. Abiaburuan, Frantziako Estatuko agintaritzaren gainean pausatuko dugu begirada. Jarraian eta amaitzeko, gizarteko ekimenen urratsetan; Iparraldeko mugimendu abertzalearen eta eragile sozialen berri emanen dugu.

Frantziako deszentralizazio bitxia

Nicolas Sarkozyk laugarren aldiz berritu du Frantziako Gobernua, Estatuaren presidentzia hartu zuenetik. François Fillon da betiere lehen ministroa. Estatuko deszentralizazio politikan aldaketak ekar ditzaketen zenbait aldaketa egin ditu Hexagonoko buruak. Michelle Alliot-Marie (MAM deitua; Ipar Euskal Herriko politikagintzan eragile nabarmena) Barne-Arazoetako Ministeriotik Justizia Ministeriora aldatu du presidenteak. Justiziaren kargua Rachida Datik bete du oraintsu arte. Dati, musulman jatorrikoa, “izar” gisara iritsi zen Sarkozyren kabinetearen goi instantzietara. Rachida Datiren lekua Marie-Luce Penchardek hartu du. Guadalupekoa da eta DOMeko (Itsasoz Haraindiko Departamenduak) estatu idazkari kargua beteko du.

Errepublikako Gobernuaren kargu berrien izendapena ezagutu dugun bitartean, Nicolás Sarkozyk Martinika nahiz Guadalupe departamendu-erregioentzat Autonomia Estatutuari buruzko erreferenduma egin litekeela adierazi du. Deszentralizazioa gauzatzeko orduan, DOMeko indar politikoen aldarrikapenek kezka sorrarazi dute Frantziako goi-mailako politikariengan. DOMeko kolektibitateak Frantziak behiala kolonizatutako lurraldeetako hiritar frantziarrez osatuta daude. Egun, kolektibitate hauen egituraketa instituzionala arazoa da Frantziako botereentzat. Bien bitartean, paradoxikoki, metropoliko kolektibitateen –ezagutzarik gabeko lurralde historikoak– egitura administratiboa galtzeko arriskuan egon liteke.

Ipar Euskal Herria da lurralde horietako bat. Bertan, Pays izendapenaren bitartez –eta Garapen Kontseiluaren bidez– Lurralde Antolaketa ekimena obratu da azken hamabost urteetan. Sarkozyren aginduz landutako Balladur txostenaren arabera Lurralde Antolaketa ekimena amaituta egon liteke. Uneon, Iparraldeko politikaren mintzatokietan baieztapen hau zabaldu da: Frantziako metropolitik kanpoko lurraldeek Autonomia Estatutuaren erreferenduma eratu lezakete beren etorkizun politikoa erabakitzeko, alta, metropoliko herrialdeen ezagutza politikoa eta instituzionala gauzatu ahal izateko bitartekoak –erreferendum bidez– ukatuta izan litezke betiere.

Garapen Kontseilua eta Batera

Garapen Kontseiluak joan den ekainaren 27an burutu zuen azken biltzarra Itsasun. Kontseilua sortu zeneko hamabosgarren urtea ospatu zuten bere ordezkari nagusiek hala nola herri eragileek. Ekimenaren arduradunek erakundearen –eta egituraren– etorkizunaz gogoetatzeko asmoa hitzeman dute. Biltzarrean, ekimenean ari diren eragile abertzaleek egitura kritikatu dute berriz ere, erakundeak bide dituen traba eta mugengatik.

Batera plataforma garai berean agertu da hedabideetan. Batera 2002an sortu zen, Ipar Euskal Herriarentzat berezko erakunde politikoa lortzeko xedez. Baterak –erreferenduma eskatzen duten joera anitzeko eragile politikoak biltzen dituena– datorren 11n eginen du Biltzar Nagusia. Iparraldeko politika impassean dago, ia-ia geldirik. Baterako eragile sozialek herri mugimenduaren dinamika bizirik atxiki nahi dute udaldian, eta udazkenean, indarrez berrituta, herritarrak karriketara bultzarazi.

Datorren udazkenean –udazkeneko leloa ere Hegoaldean entzun da– Estatuaren agintaritzatik hartuko diren erabakiek nahiz herriko ekimenetatik jalgiko diren indarrek determinatuko dute Iparraldeko datozen urteetako politika. Impasse egoerak bihurgune batera eraman ditu indar soziopolitiko alternatiboak. Hauek ez daude geldirik haatik. Krisi ekonomikoa “baliagarria” izan da zenbait ekimen berri sortzeko.

Oldartu-Lutter Ensemble

Oldartu-Lutter Ensemble kolektiboa ekimen berria da gizarte mugimenduan. Dozena inguru indarrek osatua dago. Ezkerreko eragileak biltzen ditu, alderdi eta sindikatu abertzaleak barne. Kolektiboak karrika mobilizazioetan mugimendu erangikor eta iraunkor bihurtu nahi du. Mugimenduaren eredua Guadalupe, Martinika edota Guayanan (DOMeko departamenduak) altxatutako ekimenen eskema hartu dute erreferentetzat. Frantses ezkerreko sindikatuek eta eragile sozialek ez dute, anartean, kolektiboan izenik eman, baina krisi ekonomikoaren larritasunak ezkerreko mugimendu abertzalearen eta frantses ezkerreko zenbait sektore hurbilarazi litzake. Adibidez, CFDT sindikatua Oldartu-Lutter Ensemble kolektiboan parte hartzeko aukera aztertzen ari da. Borroka sozialen bateratasuna gero eta beharrezkoagoa da Iparraldean nahiz Frantzian.

Autonomia eraiki

Autonomia Kolektiboa lanean ari da azken urteotan. Kolektiboaren lema Autonomia Eraiki da. Lana isilean garatuz joan da orain arte. Ekimena hedabideetara aldian-aldian agertu da, eta bultzatzaileek departamenduaren eskaeraz –Batera plataformaren aldarrikapenean dagoena– harago joateko beharra adierazi dute. 500 lagunek osatutako kolektiboak Autonomiaren Udaberria izeneko txostena landu du dagoeneko. Lehen fasean, 2.500 hautetsiri helarazi die txostena. Berau udazkenean agertuko diete herritarrei. Dagoneko azaroaren 14rako manifestazioa iragarri dute. Karriketara atereaz, orain arteko urratsen segidan, beste urrats bat eman beharra aurreikusten dute kolektiboaren kideek.

Estatua beti bat eta kolektibo anitz

Estatua bat da, eta berau –krisi gorrienean izanik ere– kudeatzen duten alderdiak gailentzen dira. Hau da, Sarkozy buru duen eskuin kontserbadorea (UMP) indartua jalgi da Europako Hauteskundeetan. Iparraldeko indar abertzeak ez dira ere gaizki atera bozetatik. Europe Ecologie, EHA eta EAJ-PNBk bildutako sostenguak Euskal Herriaren ezagutza politikoa eta instituzionala gizartean sustraituta dagoela erakutsi du. Bistan denez, joera, klase eta jomuga anitz biltzen dira hiru aukera politikoetan. Alta, ukaezina da, Iparraldeko jendartearen gero eta herritar gehiagok berezko instituzioa exijitzen du, behar sozialei nahiz herri gisako premiei erantzuteko. Hasteko eta behin, hiru aukera politiko hauek Autonomia Kolektiboaren ekimena babesten dute.

Datorren udazkenean, Frantziak Ipar Euskal Herriko arazoak bideratzeko dituen gabeziak areago nabarituko dira. Kolektibitate gisa eraikitzeko dituen beharrei erantzuteko Estatuaren erabaki urriak ageriko dira beste behin ere. Iparraldearentzat berezko egitura eskatzen duten indar eragileak ez dira urriak, amalgama, ordea, alimalea da. Hona berauek: Estatuaren egituretan politika posibilista lantzen duen Garapen Kontseilua, alde batetik. Bere ordezkari denak ez, baina ekimenaren hainbat kidek berezko instituzioa eskatzen dute. Jean-Jacques Lasserrek berak –Hautetsi Kontseiluko lehendakariak–, berezko instituzioaren aurkaria orain arte, “instituzioaren aldeko eskaera ez litzatekeela trabatu behar” adierazi du Itsasuko biltzarrean. Estatuko egituretan ari diren eragile kontserbadore artean zerbait mugitzen ari ote den seinalea izan litezke bere hitzak. Edo aldian-aldian egin ohi duen agerpen interesatua?

Bestetik, Batera plataforma dago. Berriz ere mugitzen hasi dena. Bateran ari direnetako indar asko Autonomia Kolektiboko parte dira. Nola uztartu ordea, bi ekimenen nahiak eta xedeak? Hortxe izan liteke arrakastaren gakoetako bat. Nola uztartu ekimen hauek guztiak Oldartzen-Lutter Ensembleren nahi eta beharrekin? Nola uztartu halaber, aldian-aldian interes elektoralen arabera mugitzen diren alderdi abertzaleen beharrekin?

Estatuaren gibelasmoak

Estatuak ondo baino hobeto darabiltza politikaren zirrikituak. Estatuko goi esferetan mugitzen direnek berezko jukutriak darabiltzate politikagintzan. MAM dugu horren adibidea. UMPko politikariak jokaldi “ederra” burutu du azken hauteskundeetan. Hauen atarian, Bordeletik Irunera bitarteko trenbidea –TGVren tramua (Abiadura Handiko Trena)– ez dela Baiona eta Irun bitartean eraikiko adierazi zuen hedabideetan. TGVren aurka ari diren kolektiboekin “bat egin zuen” une batez. UMPko hainbat politikari haserrearazi bazuen ere –Alain Juppé eta Alain Lamassoure, besteak beste–, bozeramaile kontserbadore askoren gogoa kontentatu zuen. Hauteskundeen ondoren begi-bistan geratu denez, bere asmoa nahasmendua sortzea zen. TGVren aurkako herri mugimenduko kideek MAMk hauteskundeen atariko erabilitako gezurra salatu zuten, baita MAMk bere burua zuritu ere, prefosta: “Nik ez dut deus eskatu, TGV delakoa ez baitago nire eskumenetan” esan zuen. Trenbidearen kudeaketaz arduratzen den RFFk (Burdinbideen Egituraketarako Bulegoa) dioena baino ez omen zuen adierazi MAMk.

Akzio-errepresio-akzio

Garai berean ETAko kide Jon Anzaren desagerpena izan da. Gertakariak politikaren bazterrak inarrosi ditu. Gehiago euskal abertzaletasunaren eremuan gainerakoetan baino, ohi denez. MAM aferaz galdetua izan da. Ez da bereziki larriturik agertu.
Azken asteotan polizia frantziarrak hamar lagun atxilotu ditu Nafarroa Beherean eta Lapurdin. Poliziaren sarekada duela bi aste Xan Beyrie gaztearen atxiloketarekin hasi zen. Poliziak jakinarazi duenez, 2007an eta 2009an etxe agentzien eta banketxeen aurka egindako ekintzen karietara burtu dira atxiloketok. Bestalde, asteak joan asteak etorri, astero etakide pare bat atxilotzen du poliziak, baita zuloren bat aurkitu ere. Presoen aldeko kolektiboek Estatuaren errepresioaren estrategia salatzen dute etengabe. Mobilizatzeko deiak sarritan egiten dituzte, mobilizatzeko kuraia apala da horregatik. Uda heldu da, giroa bero-beroa dago. Politikaren goi-mailako estamentuetan ere giro bero-beroa eta nahasia dago.

Udaberritik udazkenera bitarte Estatua saiatuko da ura bere errota eramaten. Akzio-errepresio-akzioaren dinamikaren artean, herri ekimen anitzaren espresio ezberdinek lortuko al dute gutxieneko puntu komunean bat egiten? Europe Ecologie, EHA, EAJ-PNB, Oldartzen-Lutter Ensemble, Autonomia Kolektiboa eta Batera, batera ariko al dira?

Hamabosgarrenez, politikaren behatzaileok udazkenaren aiduru eta beha gaude.

Azkenak
Ikastetxeko testuinguruaren araberako euskalduntzea? Hori tranpa da

EAEn Hezkuntza Akordioa bideratzeko oinarriak aurkeztu ditu Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, eta 16 urterekin ikasleek euskaraz B2 maila lortzea jarri du helburu, baina praktikan adar-jotzea dirudi: helburu mailakatua izango da, “modu progresiboan” egitekoa, “zentro bakoitzaren errealitatearen arabera”, eta gainera, egungo hizkuntza-ereduak gainditzeko asmorik gabe.


2018-02-18 | Miren Osa Galdona
Euskaraz jakitea ez dute eskatuko EAEko 340 lanpostu publikoren eskaintza berrian

PPren Gobernuak Lan Eskaintza Publiko berriaren deialdia zabaldu du. EAEn 340 plaza esleituko dira administrazioan lan egiteko. Euskara ez da aintzat hartuko, ez behintzat eskakizun gisa. Javier de Andres Espainiako EAEko ordezkariak garbi utzi du neurri horren zergatia: “Madrildik iritsitako lan eskaintza denez, ez ditugu autonomia erkidegoetako hizkuntzak eskatu; ez da beharrezkoa”. Modu honetan postua lortzeko aukerak “errazagoak” direla nabarmendu du... [+]


Macronek ateak itxi dizkie Korsikako abertzaleen eskaerei

Korsikara egin duen bisitaren lehenengo egunean, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak muzin egin die abertzaleen eskaerei, eta Korsikako presoen aldeko amnistia ukatu du.


"Jendeak ikusten gaitu gurpildun aulkian ia mugitu gabe eta pentsatzen du inutilak garela"

Jessica Martin irundarrak 24 urte ditu eta garun-paralisia du jaiotzetik. %95eko elbarritasuna dauka, gurpildun aulkian mugitzen dute eta apenas hitz egin dezake. Baina ez zaitzatela aurreiritziek engaina: bere egunerokoa ohean irudikatu baduzu, oker zabiltza. Buruan janzten dioten likornioari esker, idatziz komunikatu ahal izateaz gain, arroparako diseinuak egiten ditu, bigarren liburua ari da idazten eta ilustratzen, erakusketa egin berri dute bere margolan eta diseinuekin, hainbat enpresa... [+]


Bide bazterretik plazara

Herriko faxistak ziren, guardia zibilak ziren, falangistak ziren, katolikoak ziren, Birjinaren Eguna zen eta ondoren otoiz egitera joan ziren. Gora jainko maitea!”. Fermin Balentziaren hitzak dira, Maravillas kanta aurkezteko.


2018-02-18
Gorka Urtaranek ziurtatu du ez daukala Austin Powersen mozorroa jantzita

Inauteriak pasa ondoren, etsita agertu da Gasteizko alkatea prentsaren aurrera: “Jendeak ez dit sinesten esaten dudanean ez nagoela mozorrotuta. ‘Hi, Gorka, noiz kenduko duk Austin Powersen mozorroa?’, galdetzen didate gasteiztarrek goizero,


2018-02-18
Urtu egin da negu hasieran Urdu˝an izoztu zen ETBko kazetaria

Elurtearen berri emateko Urduñako mendatera joan zen ETBko kazetari Izozne Urtxuegia urtu egin da, ia bi hilabete izozturik eman ondoren, errepide bazterrean kieto, bufanda lepuan eta mikroa eskuan.


"Francoren heriotzaz geroko krimenik handiena izan zen Martxoaren 3koa"

Urtero da martxoak 3. Bost hildako Gasteizen eta ehunka zaurituak, balaz gehienak, 1976an. Hilabete batzuk lehenago etorria zen Gasteizera lanera Imanol Olabarria. 1975eko azarotik martxoaren 3ko txikizio hura bitartean hainbat fabrikatan egin ziren protesta, asanblea eta mobilizazioetan parte hartu zuen. Are, eragileetakoa izan zen.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude