argia.eus
INPRIMATU
Berrogei urtetik
Joxemari Ostolaza 2013ko maiatzaren 02a
Gora joan zaizkio Irungo Real Unión futbol taldeari bigarren maila galdu zuenetik. Gogoan ditut haurtzaroan Errenteriako Larzabal zelaian bertako Touringen aurka jokatzen zituen derbiak. Topoz propio etorritako jende saldoa, Topobidea beteta eta karabineroak doakoan lekuko. Gogoan dut “Viva los rojos” errekaldetik botatako oihuari, edozein zela ere partidaren emaitza, ematen zizkioten txaloak eta sortzen zituen algarak inguruko gizasemeengan. Ai beranduago ulertutako garrasi sutsu haiek! Herri hura ezagutzeko egokiera ematen zuen igandetako Larzabalek, langileriak, astegunetako urdin mahoizkoa labaderoan, traje eta alkandora zurizko lepokoa korbataz jazten zuenean. Gero etorriko zen, Alamedarainoko oinezko bidearen ondoren herriko bandak “El Touring de Renteria...” eresia jotzen zuenean garaipenaren seinale, kotxerik ez zuten jokalari zenbaiten lekukotasunaz. Nekez ezagutuko dugu berriz bi horien arteko derbirik. Oreretakoa lau maila beherago baitabil ez dakit zeren seinale. Aurtengoak Anoetan eta Galen jokatuko dira eta baliteke Topoa izatea haien antza izango duen elementu bakarra, kotxea aparkatzea baitugu zigor.