Lau eskutara idatzitako nobela duzu Arrain abisalak. Elkarrek eman du argitara, Xabier eta Martin Etxeberriaren eleberri hau. Ez da anaiok modu honetan idatzi duten aurrenekoa: aurretik Itxoidazu Café de Passy-n (2004) eta Ez dadila eguzkia sartu (2006) ere elkarrekin idatziak zituzten. Nobela berri honetan taberna bat aurkituko duzu. Ilargi taberna. Eta txoko horretara bilduko dira pertsonaia ugari: Tasio eta Ugarte, Arantxa eta Virginia, Xanti eta Miel, Olaso eta Perez... Baina halako batean, horietako bat hilda azalduko da. Heriotzak besteen arteko harremanak ere gaiztotuko ditu. Polizia-eleberria da, funtsean, Etxeberria anaien lan berria.