Gorroto zattut

Iñaki Murua
Dani Blanco
Irakasleok, ohituraz edo jardueraz, negatibotik hasten gara eta nik ere horixe egin behar dut, ohiturei jarraituz. Kurtsoa gainditu ez dutenen kasuak aztertzen jardun ohi dugu ez gainditu dutenei zorionak nola eta zergatik eman eztabaidan. Ba, bukatu da kurtsoa eta nik, berekiko izan ditudan sentipenak bota nahiko nituzke, hementxe, Argiak eman diezaien falta duten argitasuna.
Gorroto zaitut, zu, kurtso bukaera, ikasleen negar eta zotinak ikusarazten dizkidazulako. Urte osoan arpa jotzen aritu direnenak lehenik eta suerte kaxkarra izan dutenenak segidan. Edo merezita suspentsoa daukanarenak. Gorrotoa areagotzen zait gainera, ikasle horiek eta beren aita-amek (asko eta askok) helburu eta bide berberak darabiltzatelako aprobatua lortzeko: “Joe, baino hori bakarrik daukat! Joe, 3,5/4 daukat, ezin diazu horregatik suspenditu!” Helburua ez dutelako ikastea eta jakitea, aprobatzea eta itxura egitea baizik. Aurtengo oinazea hurrengo urteari erantsi eta urtero berdin eginez, aurrera jarraitu halako batean lehertzen den arte. Ohartu gabe, zenbat eta beranduago lehertu orduan eta okerrago dela; orduan eta zauri sendaezinagoak sortzen dizkigula. A, eta konturatu al zarete, gainera, aprobatu beti ikasleak egiten duela eta suspenditu, ia beti, irakasleak? Gorroto dut bere hutsak aitortzen eta onartzen ez dituenaren justiziarik –nortasunik– eza ere.

Maite zaitut kurtso bukaera, bukaera guztiek bezala hasiera berria hurbiltzen didazulako; jende berria eta egoera ezezaguna. Maite zaitut, ikasle nahiz guraso askoren jendetasuna eta egin dudanaren aitorpena jasotzen dudalako; ikusarazten didazulako, oraindik ere badela gauza positiboak baloratzeko joera eta gaitasuna duen jendea. Are gehiago maite zaitut, emandako urratsak zentzuz antolaturik eman ondoren, itxurakeria eta tranpara datorrenari begiak irekitzeko beste, argudio eta komentzitzeko dohain badudala ohartarazten laguntzen didazulako.

Gorroto zaitut, urte osoan lankide izan ditudan eta lagun bihurtu ditudan/nauten hainbat langile-irakaslek utziko dutelako ikastetxea eta beren esperientzia eta izaera aberatsa galduko ditugulako. Gorroto zaitut, kurtso bukaeraro ikusten dudalako gure gidarien ausardia falta edo gehiegizko atrebentzia altxor hori galtzen uzteko; eta pertsona horien egoera animikoak eta autoestimuak hartzen duen pasaragatik. Udan atsedena lasaitasunez gozatu behar dutenean, kirioak tenk edukiko dituztelako, nork, noiz eta norako deituko dieten zain edo zerrendetan, zein aukera izango duten, ameskaiztoen ihesi. Eta, ni hezi asmotan nabilen gazte horien etorkizuna, utziko gaituzten hauen aurpegietan islatuta ikus dezakedalako, beraiek nire/gure aurpegietan paso egiteko joera nabaritzen duten gisa berean.

Maite zaitut kurtso bukaera, gazte hauek lanleku berri eta hobea izateko aukera eskura izan dezaketelako; lankide abegitsuagoak; gidari ausartagoak; lanerako konfidantza gehiago; ikasle saiatuagoak eta ongi egina eskertzen dutenak izan ditzaketelako bidelagun; aurten prestatu duten materialak, iaz bezala hutsetik hasi beharrik gabeko, egoera “pribilegiatuan” jarriko dituelako... eta horrekin eskolak, ikasleek, gurasoek eta gizarteak irabaziko duelako.

Gorroto zaitut urtero-urtero erabat hustuta iristen naizelako helmugara. Jenioz bero eta pazientziaz huts; arrastaka eta ez arrakasta, hori da egoeraren hitz adierazlea. Ezer gabe, ontzi huts konplexuz eta hurrengo urterako nola bete asmatu ezinik aurkitzen naizelako. Diru truke egin daitekeen biluzterik gordinena egitera behartzen nauzulako urtea joan eta urtea etorri. Eta datorren kurtsoan ikasle berriek horrelaxe utziko nautelako, ustez berriturik hasi eta trapu zahar baten pare, bizitza patu puta bat baizik ez dugun sentsazioz!

Maite zaitut kurtso bukaera, zuk adierazten didazulako, iaz bezala aurten ere, eman behar nuen dena eman dudan ala ez. Hutsik bukatzearen etsiarekin batera, eginbeharrak ongi bete izanaren poza biziarazten didazulako. Nik eman nezakeena eta nire hoberena eman dudalako eta, esperientzian oinarriturik seguru nagoelako, urte asko baino lehen, aurten ikasle edo lankide izan dudanetakoren batek, alaituko nauela jaso duenaren aitorpenen batekin edo neuk ikusiko dudala neure begiz, noraino iritsi den eta nola diharduen; edan zuen ur hartako eredurik baduen... Maite zattut... ematen jarraitzen duzulako, gorrotoaren ezkutalekuak ezabatuz.

ASTEKARIA
2009ko uztailaren 05a
Azoka
Azkenak
Uztailean hasi nahi du Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzen

Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik... [+]


Eguneraketa berriak daude