EHZ

Zuzen Euskal Herriaren belarrietara

  • Uztaileko lehen asteburuan, 3, 4 eta 5 egunetan, Nafarroa Behereko Heleta herrian Euskal Herria Zuzenean musika jaialdia ospatuko da. Festibal “diferentea” da, sustatzaileek parte-hartzeari garrantzi handia ematen diotelako –bolondresen lana ezinbestekoa da antolatzeko– eta lekuko ekoizleekin elkarlana bultzatzen duelako. Honakoak dira Euskal Herriko musika jaialdi beteranoenaren sekretuak.
Seun Kuti EHZn
Seun Kuti EHZnEHZ
Uda iristearekin batera, euriak ur-eten deklarazioa egin, eta eguzkiarekin negoziazioak hasi ditu, eguraldi ona Euskal Herrira ekartzeko. Hartu-emanok fruituak berehala eman beharko ditu, edozein txokotan ospatuko diren festak urtsuak izan ez daitezen, jendearen hondartza gosea ase dadin, edo musika festibalak zapuztu ez daitezen. Denbora libre eta oporrekin erlazionatzen dugun urtaro honetan aukera ugari izaten baita aisialdirako, eta horien artean topa dezake musikazaleak Euskal Herria Zuzenean (EHZ) festibala.

Gure lurretan egiten den festibalik beteranoena dugu EHZ (hamalau urte), eta aurten Nafarroa Beherera itzuliko da, sortzen ikusi zuen herrialdera hain juxtu. Musika jaialdiaren lehen edizioa Arrosan izan zen, eta bertan iraun zuen zortzi urtez, handik Idauze-Mendira (Zuberoa) joateko. Ordutik egundainoko edizioak zuberotar herrian egin dira, baina antolatzaileek ikuslegoa gero eta urriagoa zela sumatuta, EHZ Heletara eraman dute. “Hegoaldeko jende askori urrun geratzen zitzaion Zuberoa, eta horregatik festibala gerturatu egin dugu” jakinarazi digute. Jaialdia kokaleku berrian egiteaz gain, ekitaldien eskaintza ere zabaldu egingo da, udalerri guztian zabalduko ere. “Jaialdia Idauze-Mendin egiten genuenean, ekitaldi batek bestea jaten zuen, eremua itxia baitzen”; baina orain EHZ Heleta herri guztian zehar egingo da. Era horretan, kontzertu edo emanaldiren bat gustukoa ez izanda ere, herriko txokoren batean eskaintza gehiagoz gozatzeko parada izango da, beste inongo ekitaldik ito gabe. Aipatu arrazoi horiek nahikoak izan ziren bere garaian jaialdiak Idauze-Menditik alde egin behar zuela deliberatzeko.

Festibala baino gehiago

Orokorrean, musika jaialdien urtaroa izan ohi da uda. Euskal geografiako txoko anitzetan musika talde handiez gozatzeko parada izango dugu, hala nola Bilbao BBK Live, Kobetasonik, Jazzaldia eta beste hainbat festibaletan. Hala ere, ditxosozko krisia dela medio aurtengo eskaintza musikala pasa den urteetakoa baina apalagoa izango da, laguntza publikoak ere umilagoak izango baitira. EHZn gainontzeko festibalek sortzen dioten presio hori sumatzen dute, baina “talde handiak ekarrita jende andana erakarri baino, festibal parte hartzailea bultzatzea nahiago dugu”. Bide horretan, dantza, antzerkia, ikastaroak, bideo emanaldiak eta beste hainbat ekitaldi izango dira bisitariaren eskura.

Ikus daitekeen gisan, hiru eguneko festibal hau musika jaialdi hutsa baino gehiago ere bada. Izaera herritarra dauka ekimenak, eta 800 pertsona ingururen borondatezko lana ezinbestekoa da EHZk aurrera jarraituko badu. Boluntarioek egiten duten lanari esker antolatzen da festibala. Horretarako, inork laguntzarik eskaini nahi izango balu, festibalaren webgunean dauka beharrezko informazio guztia.

Baina borondatezko lanaz gain bada besterik ere. Euskal Herria Zuzenean hasiera hasieratik herri garapenaren aldeko ekimena izateko sortu zen, eta logika horrekin lekuan lekuko laborarien ekoizpenak bultzatzen dituzte, lurraren garapena segurtatzen dutenak betiere; esate baterako, edari eta janarietan, lekuko ekoizleengana jotzen dute.

...baina festibala azkenean

Orain arte aipatutakoek EHZ gainerako jaialdiekin alderatuta berezia edo bestelakoa egiten dute bederen, baina musika taldeak ezin ditzakegu ahantzi. Gainerako festibalekin alderatuz gero, haiek ekarriko dituzten talde sonatuekin ezingo da konpara EHZ, baina kalitatea soberan daukate Nafarroa Beherera etorriko diren musikariek. Talde kanpotarrak zein euskaldunak izanen dira, eta horien artean Iparraldekoak, asko. “Hemengo eszena musikala Hegoaldeko musikazaleei ez zaie behar hainbat iristen, eta hein horretan Iparraldeko musikarien erakusleiho bezala ere jarduten dugula esan liteke” zehaztu dute antolatzaileek. Euskal talde ezagun ugari izango den arren “beti saiatzen gara hemengoei ere euren txokoa egiten, izan musika taldeak, izan bestelako animazioetan parte hartuko duten artistak”. Hala, bertan izango dira Willis Drummond sonatuak, metal rocka oinarri duten Hurmurao, Mikel Hats, Moskorri, The Sparteens, DJ Magdic edota Zezenaren Taldea. Hegoaldeko taldeei dagokienez, Des-kontrol arrasatearrak, Deabruak Teilatuetan, gero eta indar handiagoa hartzen ari den We are Standard getxotar boskotea, Fiachras ekimen berria, Xabi Strubell-en Zura edota Borrokan arituko dira. Baita Fermin Muguruza ere, noski. Irundarrak ohitura du urtero festibaletik pasatzeko, eta aurten berak egindako Checkpoint rock film dokumentalak zabalduko du festa.

Atzerritik etorriko direnen artean berriz, Manu Chao da izar nagusia. Tombolatour biraren barruan egingo du ostera Heletatik. Antolatzaileek azken ordura arte itxaron dute haren kontzertua konfirmatzeko. Sorpresa polita, bakarlariaren doinu mestizoak maite dituenarentzat. Nazioartean sona eta zeresan ugari eman duen Emir Kusturica ere Heletara etorriko da. The No Smoking Orchestra-rekin batera izango da gure artean. Musikari, gidoilari, aktore eta errealizadore lanetan ibilia, hainbat aldiz saritu dute serbiarra; haren alderdi asko azpimarratu litezke, baina bat aukeratzekotan, Kusturicaren izaera iraultzailea nabarmendu beharko litzateke. EHZra bere doinu rockero, punki eta tziganoarekin inguratuko da.

Hip-hopa Safaa Arapiyat palestinarrak jarriko du. Reggae erritmoak ere ez dira faltako, The Congos talde jamaikar mitikoak bere tartea izango baitu. Argi dago festibal kultur-anitza dela EHZ. Seun Kuti musikariak Nigeriako doinuak ekarriko ditu, bere aitaren Egypt 80 taldearekin batera. Seun, Fela Kuti afrobeat-aren aitzindariaren semea da, eta aitarengandik jaso zuen herentzia musikala eskainiko du Heletako eszenatokian. Nabarmentzeko beste talde bat Kaliforniatik etorriko da: punk-rocka eta soula nahasten duten The Bellrays. Alemaniatik, bestalde, euren txotxongilo eta guzti etorriko dira Puppet Mastaz raperoak. Azkenik, aipatu gabe doaz Heletan jotzen arituko diren Beat Torrent Nantesko DJ bikotea, Che Sudaka bartzelonarrak, DJ Blue bretoia, Sébastien Schuller edota Wankin Noodles.

Euskal Herria Zuzenean-eko aurtengo kartela itxia dago jadanik, mundu osoko eta mota guztietarako proposamen interesgarriekin. Jaialdia belarri eta gustu ezberdinentzat baitago pentsatua, gazte, heldu eta, zergatik ez, baita haurrentzat ere –eurentzat txoko bat izango dute espresuki–. Euriak uda honetarako egin duen ur-etenak arrakastarik izango ote duen itxaron beharko dugu orain, EHZren aurtengo edizio hau blai eginda amaitu ez dadin.

ASTEKARIA
2009ko uztailaren 05a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#4
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: EHZ
2024-04-02 | ARGIA
Pelax, Rudiger, Su Ta Gar, Süne edo Octopussy, EHZn iragarritako talde berrien artean

Auhen, Janus Lester eta Old School Funky Family taldeak ere izango dira festibalean. Ekainaren 28an, 29an eta 30ean egingo dute jaialdia, Arberatzen. Hiru egunetarako bonu berriak jarri dituzte salgai.


Belako, Nakar, Benizze, Lysistrata eta Vincen Garcia EHZren 28. edizioan

Lehen aldiz festibala Amikuzeko Arberatze herrian ospatuko da. Ekainaren 28, 29 eta 30an izango da.


Eguneraketa berriak daude