'The day of the jackal'
The day of the jackal. Frederick Forsyth.
(Hutchinson 1971).
1959ko urtarrilaren 8a. Charles de Gaullek Frantziako Errepublikaren presidente kargua hartu zuen. 1963ko abuztuaren 25a. Txakal ezizena zuen sikario bat De Gaulle hiltzen saiatu zuen, baina oso gutxigatik huts egin zuen. Lehenbiziko esaldiak benetako gertakari baten berri ematen du. Bigarrena fikzio hutsa da, baina berdin izan zitekeen egia eta Historia liburuetako lerro nagusiak ez ziren batere aldatuko.
Frederick Forsyth ingelesaren lumari zor zaio De Gaulle akabatzeko alegiazko saioa. Beraren lehen eleberria izan zen hura, The day of the jackal, Euskal Herriko erdara nagusi bietara Chacal xumeagoaz itzulitakoa. Ondoren askoz nobela gehiago idatzi zituen, ia denak salmenta arrakasta izugarriz, nahiz eta bakar batek ere ez zuen “Txakal”-aren ospea gainditu. Espioitza generoak garai batean izandako sonak, hein handi batean, Forsythekin zerikusi zuzena dauka. Hark esandakoa da, gutxi gorabehera: “Gakoa da kontakizunak sinesgarritasun osoa eduki dezala testuinguru historiko batean, eta ez dadila egon modurik kontatutakoa benetan gertatu zen ala ez frogatzeko”.
Zelan lortu hori? Erraz. Asmatu plan bat, betez gero Historiaren noranzkoa aldatuko lukeena, eta nobelaren amaieran, oso gutxigatik bada ere, plana betetzea eragotzi. The day of the jackal-en ez ezik, gutxienez beste hiru eleberritan (buruz ari naiz) erabili du Forsythek formula hori.
Idazle distopikoek, ukronikoek zehatzagoak izateko, lan-ildo ederra izango lukete Forsythen liburuetan azken segundoan pikutara joan diren planak arrakastatsu bihurtuz. Zer nolako mundua edukiko genuke, esaterako, Irakek irabazi balu Golkoko Gerra? Eta 1986an komunistek boterea hartu izan balute Erresuma Batuan? Eta, aizue, De Gaullek ez bazion zentimetro batez ihes egin Txakalen balari?
Era horretako nobelekin aberastu da Ashford-en jaiotako idazlea, eta ospetsu bihurtu ere bai. Ez dira, haren liburuak, zirkulu intelektualetan oso harro erakustekoak; ez da haren prosa literatura eskola baterako eredu garbiena; baina engantxatu, zeharo engantxatzen du. Edo engantxatzen zuen, 1996an ideiak agortu zitzaizkion arte. Ordutik hona idatzi duen ezer ez dut gomendatzen. Bestetik, distantzia pittin batez hartzea aholkatzen dizuet: ideologiaz den bezainbatean, liberalismo latza dario Forsythek idatzitako esaldi bakoitzari. Gozatu narrazioaren suspenseaz, eta gero ondo itxi liburua. Niri balio izan dit, bizirauteko.