argia.eus
INPRIMATU
Bi gaitzespen eta proposamen bat
Angel Erro @angelerro 2009ko uztailaren 02a
Josu Santesteban
E.T.A.-k (deitu nazazue nostalgiko –mendeurren erdiarengatik izango da–, baina nik siglen osteko puntu anakronikoekin nahiago dut) gizon bat hil berri du, hau idazten ari naizela. Informazio objektiboa da: oraindik ez dut ezer gaitzetsi. Nire ezagun batek “kaka zaharra” bota zuen berria jakitean, baina, hortik tarte batera, hildakoa polizia zela aditzean, suposatzen dut, bere hitza jan zuen. Bejondeiola.

Orain bai, giza eskubideetan lehena –ere edo, nahi bada, batez ere– ez urratzean sinesten dudalako, eta gure herriko koldar eta epelekin ez nazaten nahas, polizia honen erailketa gaitzesten dut.

[Eta behin, nire analisi xinplistari esker, Estatuko diru berezietatik kobratzeko bidean naizela (cf. Eider Rodriguez, ARGIA, 09-03-01), ez dezadan euskal irakurlea gehiago nekatu inori interesatzen ez zaion gai batekin, eta –denon begikoa izan nahi baitut– pasa nadin kondena amableagoetara:]

Ekainaren 12an, Euskalerria Irratiko (E.I.) kolaboratzaileon afarian Mikel Bujanda zuzendari heroikoak hitza hartu zuen, hurrengo asteazkenerako berri pozgarri bat iragartzeko, norbaitek inoiz esandako hori gezurtatuko zuena: alegia, irrati hau lehenago iritsiko zela ilargira Nafarroako Gobernuak legalizazioa eman baino lehen. Asteazkenean, berriz, egunkarietako notizia, espero genuenaz guztiz bestelakoa izan zen. Traba gehiago Iruñerriko euskarazko irrati bakarra entzun ahal izateko. E.I.ren izena kapsula batean ilargiraino eramango zuen ekimen pribatuaren berria oharkabean pasatu zen.

[Denon estimua duten idazleek ez ohi dute lana alferrikaltzen. Nik, handiengandik ikasi bezala, testu zahar bat, justu orain urtebetekoa, berreskuratu eta hona ekarriko dut:]

“Euskalerria Irratia duela 20 urte hasi zen emititzen. Jakinda irrati uhinek argiaren abiadan –eta ez soinuarenean– mugitzen direla, horrek esan nahi du –Nafarroako Gobernukoa bezain– oztopo estratosferikorik ez badu bidean aurkitu, lehen emanaldi urrun haren oihartzuna hemendik hogei argi-urtetara dagoela. Berriki, Gliese 581 izeneko izarraren inguruan biraka planeta bat deskubritu dute, Lurretik dagoen planeta bizigarri hurbilena, omen. Hemendik hogei argi-urtetara. Orain bai hasi dela bizigarri izaten”.

Ez sinestekoa, Iruñean euskararekin dagoen herra. Ni ez naiz ohitzen. Hemengo euskaldunak ilargitarrak (edo Gliese 581-en inguruko planetaren batekoak) bagina baino arraroago sentiarazi nahi digute hemengoak ere diren beste askok. Eta nekaezinak dira. Hala ere, Bujanda eta bere ekipoaren lan itzelak nabarmen uzten du –hemendik ilargiraino ere bai– nafar horien jarrera harro eta zikoitza. Horretarako soilik balitz ere, merezi du.

[Eta proposamena:]
Soziolinguistek diotenez, hizkuntza gutxituen arazoa izaten da, mintzakide elebakarra agertzean, solasa hark dakien hizkuntza bakarrera lerratzen dela. Agian horrexegatik dauka horrenbeste garrantzia Euskalerria Irratiak Iruñean. Hemen, neurri askoan, euskara ariketa soliptista delako. Izaera horretan sakonduta, agian lortu genezake euskarak hiri sagaratu honetan presentzia gehiago izatea, garentxoaren indarra biderkaturik: antolakuntza zelularraren bidez.

Autobusean, kalean, eraikin publikoetan eskuko telefonoa hartu eta mintzatu. Ahalik eta gai interesgarrienaz –nazioarteko kultur izenak sartuta–, alaienaz –irri eginez tarteka–. Solaskideaz gain, iruindar guztiak seduzitu behar bagenitu bezala. Telefonoa itzalita ere. Trebatzeko ikastaroak laster Civican-en.