Pastu, hustu eta parti!

  • Lingerie basqueko mantel hori-urdinaren gainean baso bat hustuta, ardo arrastoa ipurdian. Eta azpian papertxo bat: Segidan helduko naiz. Koadro beteko ohol ilunaren gainean basoa berriro ere, berdin, erabilita, ardo arrastoa soilik barrenean: Pastu, hustu eta parti!, horixe Kepa Arizmendi Bereauk margolanari jarri zion izena. Pastu eta parti, etxe askotatik pasa denaren presaz, toki finkorik gabe. Hustutako edalontzia diosalaren seinale. Presentzia-ausentzia jokoa. Eta metafora, bizitza, baso bat ardo bezala, hustutzearena. “Hori da testamentua bezala”.
Kepa Arizmendi
Kepa ArizmendiKepa Arizmendi
Baiona Zaharreko etxe argitsu hartan –katedraleko kanpaiak jo eta jo eguerdian, Aste Santua baitzen– paretak koadroz estalita, garai eta estilo ezberdinetakoak, liburu batzuk pilatuta, eta haien gainean benetako edalontzia, margolanetarako modeloa. Eta haren azpian Spinoza, gustuko irakurketa. Azpil batean sagarrak. Horman, ezkerretik eskuinera, erlojuaren orratzen zentzuan, bost koadro sagarrenak. Figuratiboa erabat lehenengoa, poliki-poliki, urratsez urrats, koloreak eta formak sinplifikatuz doaz, bosgarrenaren abstrakzioraino. “Koadro bakar bat da”. Konstrukzio-dekonstrukzioa, Pourquoi-pas simple? leloari jarraituz.

Pasilloaren barrenean pintatzen aritzeko txokoa. “Ana Mariren pinturak!” tuboa estutu eta paletara zorroztada ateratzean. Ana Mari Marin, Baztango margolariak bidaliak. Astoaren gainean zeukan koadroari pintzelada batzuk eman eta gero: “Ez al duzu txori bat ikusten?”. Izan ere, abstrakzioan, Husguneak pintatzen ari zela, figurak ateratzen zitzaizkion ezarian-ezarian: egurrezko zaldi kulunkari bat, emakumea biluzik etzanda, mandarinak...

Duela hiru urte Baztanen egindako erakusketaren katalogoari heldu diogu bere ibilbidea errepasatzeko. Parisko koadroak: Bois de Boulogne, Montmartre, Champs-Elysées, Carrefour... Bidegurutzean leihoak, asko, denak berdin-berdinak formaz, soilik koloreek ezberdintzen dituztela: “Leiho horien atzean egonen da norbait begira? Edo hutsik izanen dira apartamentuak?”. Hiri handiak sortutako jakinmina, ikusmina.

“To, Donibane Lohizune gauez”, behin, birritan eta hirutan ere pintatua, zeruak eta itsasoak bat egiten duten ostertzean, soilik argi ilada bat, dir-dir eginez. “Beti gauza bera egiten dut, bat pintatu eta gero saiatzen naiz berriro...”.

Sorpresaz harrapatu du Arkupeaken erreprodukzioak. “Elizondoko arkupeak. Hor badira bi ostatu”. Han, barrenean, norbait arkupea zeharkatzen. Honantzago bi lagun ageri dira solasean. Agian besarkada elkarri eman berri? “Parisen pintatua, nostalgiaz edo...”. Herrimina dario arkupeen aurrean. Hogei urte Baztandik alde egin zuela. Interneten mugalari gisa ageri da bere izena. Izana, mugatarra aitortzen du. Joxe Mari Apezetxeak, maisu izan zuen Erratzuko margolariak, esaten omen zion: “Ad limitum” ibiltzen zela beti, “eta bai, pinturan eta bestela ere bai” dio, irribarrea bihurri. Baina ez gara horretaz sobera mintzatuko, bai ordea mendiko zeharkaldiez –gogoko ditu oso–, eta luzaroan zain egon beharraz, eta orduan nola oihanak meditaziorako aukera eman izan dion.

Pintatzeko txokoan, hormaren kontra bermatuta, koadro luze bat: gizon baten erretratoa, egonean, begiak itxita, hankapean ardo botila, basoa, mandarinak...

– Buruan kontrabandistak edo gaueko lana-edo egiten dutenak nituen. Hortxe pausatu da, zuhaitzaren babesean, erdi lo dago, ametsetan...
– Nekatuta dago.
– Pakean dago.

Pastu, hustu eta parti. Ekainaren 8an partitu zen Kepa Arizmendi Baionatik, Baztanen basoerdi bat hartzeko zoririk izan gabe.

ASTEKARIA
2009ko ekainaren 28a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude