argia.eus
INPRIMATU
Garoñako zentral nuklearra
Francok inauguratu zuen 1970ean
Daniel Udalaitz 2009ko ekainaren 28a
1960ko hamarkadan diseinatua, Garoñako zentral nuklearra Franco diktadoreak inauguratu zuen 1970ean, jarduera produktiboa 1971ko martxora arte abiatu ez arren. Burgoseko lurretan dago, Euskal Herritik hurbil. Gasteiztik 40 km-ra dago, Bilbotik 54 km-ra, Donostiatik 118 km-ra, Baionatik 180ra eta Iruñetik 131ra. Iberdrolak eta Endesak partekatzen duten enpresako datuen arabera, 767 langile ditu. Horietatik 306 Nuclenor-eko langileak dira, eta gainerako 461ak, beste 45 kontratu enpresetakoak. 2008an 2.338,68 milioi Kw sortu zituen. 1971ko martxoan zentrala abian jarri zutenetik gaur arte ekoizpena 116.609,04 milioi Kw-koa izan da.

Garoñakoa erreaktore mota zaharra da, dagoeneko “araudiaz kanpo” dagoena. Greenpeaceko aditu Carlos Bravo eta Alejandro Sotak diotenez, horrelako erreaktore batek ez luke egun lizentziarik lortuko, gaur egun nazioartean eskatzen diren segurtasun irizpideak betetzen ez dituelako.

Garoña 25 urtez jarduteko diseinatu zuten, baina 38 urte daramatza martxan. Garoñako erreaktore nuklearrarenak egin du, beti ere Greenpeaceko adituen esanetan. Oso agerikoa da hondatzen eta zahartzen ari dela. Duela urte batzuetatik hona pitzadura anizkuna jasaten ari da (“tentsiopeko korrosioarengatiko pitzadura” deitzen dioten fenomeno suntsitzailearen eraginez). Pitzadura prozesu horrek erreaktorearen ontzi barruko hainbat osagairi eragiten die, eta bertatik pasatzen dira kontrol barrak, erreakzio nuklearraren “balaztatze sistema”, alegia. Pitzadura prozesuak okerrera egiten du eta itzulezina da, CSN erakundeak Espainiako parlamentuan onartu duenez.