argia.eus
INPRIMATU
Ezker Patua
Joxerra Garzia 2013ko maiatzaren 02a
Joxerra Garzia
Mamu bat ari da Europa zeharkatzen. Hala zioen, duela mende eta erdi pasatxo, Manifestu Komunistak, eta hala diote oraingo hauteskundeen emaitzek. Marxek eta Engelsek orduan aipatzen zuten mamua, Komunismoa, beste mamu batek irentsi eta ordezkatu duela aldarrikatzen ari dira orain batzuk. Bozak boz eta pozak poz, toki ederrean geratu da ezkerra. Nago, hala ere, benetako ezkertiarrek (hots, ez alderdiak baizik ideologiak irabaztea nahi dutenak) badutela pozteko arrazoirik.
 
Inoizko zabalduen daude Marxen ideiak. Erreparatu, bestela, Europa hau eta gure (?) finantza sistema eraiki eta kudeatzen ari diren lepazuriei, nola ari diren merkatu libretik libratu (komuneko zentzuan) nahirik.
 
Marxek esana da nagusien ideologia dela gizartean ideologia nagusia. Beraz, galtzagabeek boza lepazuriei ematea normala da, ez dakit zertaz harritzen diren Marxena izan ezik beste edozeinen sozio izateko prest dauden soziauskalotarrak.
 
Europa, esana dut, euroari pa emanez eraikia da. Pribilegiatuon pribilegioak txukunago-edo kudeatzetik haratagoko kontu sakonagoetan pentsatzen hasten ez bada, nagusien kopia dorpea izango da beti ezkerra, eta garbi dago zein izango den haren patua: Halloween etengabe honetan izu-barregarri izatea, mamirik gabeko mamu huts.