Itzaleko eskuak

  • 1963an astekaria berrargitaratzen hasi zenetik hona ia 2.200 zenbaki kaleratu dira, eta beste mordo bat horien aurretik. Hitz asko behar izan dira horiek guztiak betetzeko, eta pertsona asko hitz horiek idazteko.
90 urtetan ehunka erredaktore eta kolaboratzailek idatzi dute Argian. Guztiak aipatzeko orrialde gehiago beharko genituzke, baina guztiei esker egin da bide luze eta gorabeheratsua.
 
Aldizkaria sortu zuten berberak izan ziren testuak idatzi eta sinatzen lehenak. Aita kaputxinoak, alegia. Eta kaputxinoak ez zirenak, ez zebiltzan urruti. Intza’r Damaso anaia, Donosti’ar Gabriel anaia, Anbrosio anaia, Legateko artzaia –ez ardiak zaintzen dituena, fededunak zaintzen dituena baizik– Goñi’tar Julian apaiza... 1934an, dantzara joateko aholkuak, esaterako, “Mariaren alaba batek eta A.I.k” sinatu zituzten.
 
Astekari suspertuan, Zeruko Argia’tar belaunaldi bikaina hasi zen idazten: Kintana’tar Frantzisko Xabier, Andonegi’tar Ziriako, Bidani’tar Ladislao, Arregi’tar Rikardo, Ugalde’tar Martin, Oteitza’tar Gorka –artikulua itzuli zioten; izena zergatik ez?– Etxaniz’tar Nemesio, Saizarbitoria’tar Erramun... Azken horrek Jarrai antzerki taldean jarduten zuen, aktore lanetan, eta hainbat taldekide ekarri zituen astekariaren orrietara, nagusiki “Gazte naiz” atalera: Xabier Lete, Arantxa Gurmendi, Iñaki Beobide... Horietako batzuek, gainera, garbi adierazi nahi zuten nondik zetozen; Jarraiko Agirrek, esaterako.
 
Aktoreena baino harrobi are oparoagoa idazleena izan da. Besteak beste, Laura Mintegik, Joseba Sarrionandiak, Koldo Izagirrek, Mariasun Landak, Itxaro Bordak, Anjel Lertxundik edo Bernardo Atxagak idatzi dute, batzuek beste batzuek baino maizago, hasi berritan batzuk, bide joria ibili ondoren besteek.
 
Bertsolariak ere ez dira falta astekarian idatzi dutenen zerrendan. Basarrik zabaldu zuen bidea, bere bordatxoa lehenengoz Zeruko Argian eraiki zuenean. Bertsolariek izan duten eta duten garrantziaren adierazgarri izan zen joan den ekainaren 6an Donostiako Victoria Eugenian 90. urteurrenaren karira burututako bertso saioa. Andoni Egaña, Xabier Paya, Iñaki Murua, Amets Arzallus, Sustrai Colina eta Uxue Alberdi aritu ziren saioan, guztiak Argiako kolaboratzaileak.
 
Horietako batzuk sagardotegian izan ziren astekariko beste hainbat kolaboratzaileren artean. Azken urteetan Argiak kolaboratzaileak sagardotegira gonbidatzen baititu haien lana eskertzeko.
 
Badira, ordea, astekarian idatzi arren, egileen zerrendan ez daudenak. Arrazoiak arrazoi, 90 urtetan sinatu gabeko testu asko pilatu dira Argiaren orrialdeetan. Horiek ez dute sekula sagardorik edango Argiaren kontura. Baina haiei esker ere lortu du Argiak 90 urte betetzea.
Izanaren itzala, ezizena
Artikuluak sinatzeko izengoitiak erabiltzea ez da gauza berria, ezta bertakoa ere. Gerra aurreko Zeruko Argian dagoeneko bateren bat topa daiteke, “Jautarkol” ezaguna (Luis Jauregi), esaterako.
 
Baina 60ko hamarkadako ibilbide berrian ezizenak ugaldu egin ziren. Moda kontua izango zen beharbada, edota frankismo garaiko badaezpadako neurria. Amuntsa, Ezkibel, Yodabe, kakute Errialde edo Herialde –haizeak nondik jotzen zuen–, Basajaun... Goitizen batzuk erreferente bihurtu ziren eta benetako izena baino ezagunagoak dira gaur egun, Luis Alberto Aranberriren “Amatiño”, adibidez. Beste batzuek errealismoaren kamuflajea aukeratu zuten ezizena aukeratzeko orduan, esaterako, Mari Karmen Garmendiak testuak “Miren Olarreaga” izen-abizenez sinatzen zituenean. Jokaldia errepikatu zaleren bat ere bazen: “Txillardegi” Jose Luis Alvarez Enparantza dela jakina da, baina gutxik dakite Zeruko Argian idazten hasi zenean “Larresoro” ezizena erabiltzen zuela.
 
Ezizenak erabiltzeko ohitura pixkanaka apalduz joan zen, baina horrek ez du esan nahi erabat desagertu zenik. Duela urte batzuk, besteak beste, “Joxe Mollarri” sinadura azaltzen zer tarteka eta, aurrerago, “Lukas Martinez”; Argiako azken bi zuzendarien ezizenak, hurrenez hurren. Eta gaur egun ere bada ezizena erabiltzen duen ohiko kolaboratzaile bat.Baina horretarako arrazoiak izango ditu eta irakurleak asmatu beharko du zein den.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude