argia.eus
INPRIMATU
Hegoak ebaki banizkio
  • Anjel Lertxundi ::Zoaz infernura, laztana

    Alberdania

    orrialdeak ::179

    prezioa ::16.50€

Amaia Alvarez Uria 2011ko urriaren 05a
Hitzak jolas: Hasteko aipatu nahiko nuke Lertxundik darabilen hizkuntza. Hitzekin irakurlea ferekatu, liluratu eta amorrarazi dezake. Hizkuntzaren txoko ezezagunak ikusarazi eta euskara gozatzeko aukera ematen digu. Naturaltasun eta erraztasun handiz egin ere (elkarrizketak noka, esaterako).

Baina “naturaltasun” gehienekin pasatzen den moduan liburuan behin baino gehiagotan adierazten digu hizkuntza lantzeak ematen dion lana eta kezka. Istorioa “zuzen” idazteko ardura agertzen zaigu narratzailearen berbetan, gertatutakoa ahalik eta egokien kontatzeko nahia.

Testuetatik abiatutako testua dugu lan hau: narratzaile nagusia protagonistaren terapeuta da eta Rosak duela sei urte pasatu zuena kontatzen digu honek orduan egindako testigantzetatik abiatuta. Orainalditik begiratzen dio narratzaileak iraganari, dituen idatzitako testigantzak berrirakurriz indarkeria matxista ulertu nahian.

Duintasunez eta justiziaz: Alde batetik distantzia hartu nahi izan du egileak gai gori honi buruz ahalik eta era objektiboenean hitz egiteko –gai honi buruz hitz egiteko ia egunero jasotzen dugun diskurtso sentsazionalistaren erabilpenari izkin eginez–. Helburu hori dute hurrengoek: sei urte lehenago gertatutako istorioa, profesional arduratsu batek kontatutakoa, beste bati pasatutakoa, egilea gizona izanik emakume biren ahotatik hitz eginda, paper ofizialetan idatzitakotik abiatuta.
Beste alde batetik, erasotutako biktimari eman dio hitza, lehenengo pertsona eta elkarrizketak agertu dizkigu, datuekin batera sentimendu, emozio eta egunerokotasuna ere azaldu dira, protagonistarengana hurbiltzeko, enpatia eta konplizitatea sustatuz. Gai labainkor eta konplexu hau behar bezala tratatzeko, plazaratzeko, erabili ditu urruntze-hurbiltze estrategiok gure ustetan.

Ohiko “konponbidea”: Baina narrazioaren garapen eta egiturari dagokienez desoreka ikusten dugu lan honetan. Lehen atalean Rosari ematen dio hitza, terapeutaren bitartekaritzaz, eta lehenengo pertsona nagusitzen da nolabaiteko autobiografiaren moldea hartuz, literaturaren historian genero literario femeninotzat jo izan dena. Bigarren atalean ordea, genero beltzari ematen dio bidea, arazo lazgarri honi gizonezko sortzaileek hamaika pelikulatan proposatu duten amaiera emanez.
Hain dokumentazio lan ona egin eta gero, hizkera eta idazkera hainbeste zaindu ostean, pena da istorioari beste amaiera bat eman ez izana. Edozelan ere, Martzelinaren istorioa kontatu zigun egileak ondo irabazita dauka Beterriko Liburua Saria, Rosaren istorioa ezagutzea ere merezi baitu.