argia.eus
INPRIMATU
Troiako behorrak
2009ko ekainaren 21
Katixa Agirre
Iñigo Azkona
Feminismoaren borroka ez da inoiz erraza, garbia edo ideia nagusi bakar batek gidaturik aurrera eramana, Juanjo. Olatuak bata bestearen atzetik etorri dira, edo bata bestearen kontra, hobe esanda, apar oparoa sortuz. Planetaren gure alde honetan hirugarren olatuaren gailurrean geunden bitartean, gainera, beste herrialde batzuetan lehenengo olatuetako lorpenak –bozka eskubidea, kasu– oraindik eskuratzeke zituzten. Horrez gain emakume beltzak, latinoak, islamiarrak eta lesbianak beren ikuspuntua errebindikatzera sartu ziren, sekulako zalaparta sortuz. Hori guztia gutxi balitz, diferentziaren feminismoa berdintasunaren feminismoaren parean kokatu zen tinko. Adinak ere zatiketarako aukera eman zuen, eta borroka intergenerazionalak hasi ziren halako batean.
 
Horregatik, feminismoez hitz egiten da gaur egun, feminismoaz baino gehiago.
 
Gure eztabaida hau gogoan, berriz sortu nuen ikasleekin gai honen inguruan eztabaidatzeko aukera. Publizitate sexista aztertzeko proposamena luzatu nien, nire asmo ezkutuak azaldu gabe. Inoiz baino beligeranteago azaldu ziren neska batzuk Emakunde eta Begira –publizitate sexista antzemateko komisioa– hizpidera ekarri genuenean.
 
Emakunderen kontra sekulakoak botatzen hasi ziren, sexuen arteko borroka baino ez zutela sustatzen, eta ea zertara zetorren Durangoko kartela salatzearena eta abar. Egia esanda, nik neuk ere “Emakunde no nos cunde” egin ohi nuen aldarri amarekin Martxoaren 8ko manifestazioetara joaten nintzenean, txikitan. Baina nire ikasleen sumindura ez zihoan hortik. Ulertu nuenez, erabat parekatzen zuten Emakunde –edo Emakumearen Institutua edo beste edozein erakunde– feminismoarekin. Hau da, feminismo instituzionalizatua zen aintzat hartzen zuten feminismo bakarra. Eta feminismo horrek helarazten dien mezu soila hurrengoa da: kartelen zentsura, las/losaren errepikapena, iragarkien salaketa eta ministerioak banatzerako orduan paritate zorrotza. Beren bizitzetatik oso urrun geratzen diren ekintza eta helburuak, finean. Eta ez hori bakarrik: feminismoa boterearen afera baldin bada, instituzio horien kontra joatea statu quoaren kontra egitea da, eta nork ukatu dezake borroka horren xarma?
Beraz, eta konspirazioaren teoriara gerturatzea zilegi bazait, ez ote dira Bibiana Aído eta enparauak Troiako zaldi/behor hutsak, feminismoa(k) despolitizatzea helburu, bere(n) diskurtsoak inbaditu eta barrutik desaktibatzeko sortuak?
 
Hor utziko dut galdera, Eiderrek planteatutako beste galdera bati erantzuteko tokirik gabe geldituko naiz bestela. “Guk ere ez al dugu, Katixa, gure izen-abizenen ondotik emakume hitza mandeulia bailitzan uxatu behin baino gehiagotan?” galdetzen zuen Eiderrek orain dela bi aste. Bada, bai. Izan ere, gure izenek argi uzten baitute emakumeak garela. Amets deituko bagina, edo Dominique, ulertuko nuke agian, baina Eider eta Katixa? Nahiko argi salatzen dute bi izen horiek ze kromosomekin jaio ginen. Beraz, zertarako azpimarratu gure emetasuna? Ematen du emakumeak garenaz gain, beste zer edo zerren gainean deitu nahi dutela arreta. Kontuz! seinale bat zintzilikatuko baligute bezala.
 
Eta horretan arrazoia duzu, Eider. Nik normala izan nahi dut. Ez mehatxu bat, ez arrisku bat, ezta salbuespen edo bitxikeria bat ere. Eta horretarako ez dut hurrengo bizitzara arte itxaron nahi, ez baitidate inon bermatu hurrengo berraragiztatzean zakil handi batekin eta baritono ahots indartsuarekin jaioko naizenik.