Indianako Unibertsitateko (AEB) Charles Horowitz fisikariak, hainbat simulazio informatiko eginez, ebatzi du pulsarren azala ezagutzen dugun edozein aleazio metaliko baino askoz ere gogorragoa dela.
Pulsarrak neutroizko izarrak dira eta euren ezaugarrien artean bi dira aipatzekoak batez ere: batetik, 700 bira segundoko edo handiagoa den errotazio-abiadura dutela, eta bestetik, koilaratxo batean sartzen den pulsar zatiak 100 milioi tonako pisua eduki dezakeela; zulo beltzak lirateke pisu handiagoa izango luketen bakarrak.
Emandako datuak teorikoak baino ez dira oraingoz, ezin izan baita neutroizko izar bat bertatik behatu, baina zientzialariek uste dute izar horietan dagoen espazio-denbora erlazioa guk ezagutzen dugunaren desberdina dela. Guztiz posiblea da hori, Einsteinen Erlatibitate Teoriak frogatzen duenez.