Nondik dator otso elektrikoa, iluntasunetik, galarazitakotik? Zertara etorri da?
Misteriotik dator. Bizitza osoa daramat otsoa ikusteko eta deskubritzeko prozesuan. Inoiz misterioa desagertzen bada, otso elektrikoa joan egingo da. Jakin nahi nuke zertara etorri den. Baliteke gure bizitza hobetzera etorri izana edo suntsipena ekartzera.
Hitzetan ama natura, piztiak, planetak, zeruak, gerizpeak... agertzen dira.
Bai, irudi horiek erabiltzea gustatzen zait. Mitologia zaharrak, adibidez, asko erakartzen nau. Irudi horiek gertukoak ditut eta barrutik gauza asko mugitzen dizkidate, emozionalki zerbait aterarazten didate.
“Kimba nakama”. Halako eragina izan zuen zugan Ruido De Rabiaren sasoian Brasilera egindako bidaiak?
Bai, bidaia hark asko markatu ninduen; gauzak beste ikuspuntu batetik aztertzera bultzatu ninduen. “Kimba nakama” gailu magiko txiki bat da, errealitatean aldaketa txikiak egiten dituena; baita mantra bat ere.
Zuen kontzertuak terapeutikoak dira? Zuentzat, ikusleentzat?
Niretzat eta taldekideentzat badira, eta ikusle batzuentzat ere bai. Gehiago esperimentatu beharko genuke; proba egin dugun gutxietan oso emaitza bitxiak lortu ditugu, baina zoritxarrez guk geuk ere errazenera jotzen dugu.
Stooges, psikodelia eta 1970eko hamarkadako rocka zuen abiapuntuak dira, ezta?
Bai. Gauza gehiago entzuten ditugu, baina laurok hor egiten dugu bat. Hala ere, ez dugu estiloetan askorik pentsatzen. Ez dugu estilo baten esklabo izan nahi; senak eskatzen dizuna egin behar duzu.
Mesfidantzaren eta indibidualismoaren garai hauetan nik ez nuke esango “ateak zortzi norabideetan zabalik daudenik”.
Kaosaren izarraren zortzi muturrekin lotzen ditut nik; eta esan nahi dut kaosak bere sorkuntza prozesua indarrean duela. Baina zabalik egoteak ez du esan nahi positiboa denik, sortzen dabilela baizik.