Momentuz ez zaitugu inongo zuzendaritzatan ikusi. Aplikatu al dizute Irujok zioena: “Konbertsoak ilarara”?
Sailburu hiru aldiz izan ondoren, Lehendakari edo Aita Santu izatea tokatuko litzaidake...
Aitortu egia: ametsetan ere ez zenuen aldaketa gauzatzerik espero!
Ametsetan ez, kalkuluetan ordea bai, askatasunak –pentsatzeko askatasunak– leiho asko zabaltzen baititu.
Kalaka saioak jarraitzen badu, ez duzu izango Antiguedad, Soto eta gainerako delinqüenteen falta?
Agian euskaldungo anitzaren ordezkaritza orekatuagoaren oroi-mina izango dut. Eta ETAren biolentzia salatu nahi ez duen inoren falta ez dut sekula nabarituko.
Batzuetan ematen du pazientzia agortzear zaudela zurekin bat ez datozenekin.
Aitarengandik jenio dexente jaso nuen ondare, bizitzan lagungarri suertatu zaidana, eta ez dut hobetzeko asmorik...
Ironiaz: nola lortzen dute zure lagun ez-abertzaleek espainiar nazionalismoan ez erortzea?
“Zozoak beleari ipurbeltz”: beste mundurik ez dela pentsatzen duenak berarekin du penitentzia nahikoa.
Jar dezagun musika apur bat lasaitzeko... Zein aukeratuko?
Franz Schubert-en
Neguko Bidaia, edo Mozart-en
Txirula Magikoa.
Liburu baltsamiko bat...
Rainer Maria Rilke-ren bi aipatuko dizkizut:
Orduen Liburua eta
Heriotzaren eta Pobreziaren Liburua.
Oraingoan batere ironiarik gabe esango dizut: euskal esentzialismoaren aurka hain ondo aritzen zara euskaraz, non eta euskalduntasunean sinesten ikaragarri laguntzen didazun...
Bere burua gurutzean hiltzera kondenatzen duen Jainkoan sinesten ez bada, gainontzeko sinesmen guztiak hobe ez gehiegi sinestea, sineskeria baitira.