argia.eus
INPRIMATU
Izenak
2009ko ekainaren 17a

Zurgai poesia aldizkariak jaso du Bilboko Liburu Azokaren Urrezko Luma. Duela 30 urte sotu zen aldizkari hori. Txomin Peillen ikerlari, idazle eta euskaltzain osoak, bestalde, Euskal PEN idazluma jaso du Bilboko azokaren baitan egindako ekitaldian. Euskal kulturaren eta adierazpen askatasunaren alde egindako lanagatik omendu dute Euskal PEN Klubeko ohorezko lehendakaria ere baden Peillen.

 

Bizardunak talde nafarrak Arrasaten aurkeztuko du bere lehen diskoa, hilaren 27an. The Dubliners edo The Pogues moduko taldeen kantak ardatz hartuta, Rebel Folk edo Folk Radical Vasco bezala definitu dutena egiten dute talde horretako bederatzi kide bizardunek. [www.myspace.com/bizardunak]

 
 

deJaBu taldeak jaso du Pragako (Txekiar Errepublika) World Puppet Art jaialdiko zuzendaritza onenaren saria, Covek nije ptica (Gizona ez da txoria) antzezlanarekin. DeJaBuren obrak hegazti errariei buruz hitz egiten du, hegan egin ahal izateko sustraietara bueltatu behar dutenez. Hiru hizkuntza nahasten ditu, euskara, gaztelania eta bosniera.

 

Joseba Azkarraga Etxagibel abadiñoarrak Berandu baino lehen. Erretratuak XXI. mendeari saiakera liburua (Alberdania) argitaratu du. Azkarragaren ustez, “egungo gizartea gaixo dago, eta gizaki deprimituari Prozac ematen diote, antsiolitikoak, arazoen oinarriari ekin beharrean”.