Iñigo Azkona
Laissez faire, laissez passer” esan izan digute behin eta berriro: “Utzi egiten, utzi pasatzen, ez mugarik ipini merkatuari, berak jakingo du berez erregulatzen”. Eta bai, gordin-gordin ikusten ari gara premisa honen emaitza. “Aidez! Aidez! Sauvez l'entreprise!” izatera pasatu da egun batetik bestera: “Ez utzi hainbeste diru ez irabazten, lagundu gure akziodunei lehen beste banatzen”. Eta jakina, instituzioak bata bestearen atzean arrapaladan joan dira laguntza oihu penagarri hau entzunda.
Krisia gora eta krisia behera, baina denok barku berean gaudela argi utzi digute hasieratik: langileok eta kapitala, kapitala eta langileok, nahiz eta oraingo honetan arratoiak ez izan euren burua kareletik behera bota dutenak.
Edozelan, asko gara gurpil honetara kateaturik jarraitu nahi ez dugunok, eta horrelaxe adierazi genuen greba orokorrean. Lehen momentutik, mota guztietako manipulazio, intoxikazio eta faltsukeria erabili izan dituzte helburu bakar batekin: langileen mobilizazioa desprestigiatu eta indargabetu. Patronalarengandik espero zen –botere ekonomikoaren eta langileriaren arteko gatazka dugu–, instituzio ezberdinetatik ere bai –kolore batekoak edo bestekoak politika neoliberalek eta patronalarekiko aliantzak gidatzen ditu eta–, negargarriena zenbait sindikaturen jokabidea izan da. Bakoitzak jakingo du, baina.
Porrota izan dela esaten duenak oso helburu zehatza dauka: langileen eta herriaren protestak isilarazi, desmobilizatu, geldiarazi... Negozio ederra daukate antolatuta eta ez daude prest atzera egiteko. Baina guk ere argi utzi dugu ez gaudela prest erreforma eta eraso berriak itxaroten gelditzeko ezta botere ekonomikoaren jokoari men egiteko ere. Eredu ekonomiko eta sozial justua nahi eta behar duen herria gara eta ozen esan diegu.
Langileok indarberriturik atera gara. Gure posizioak hobetu ditugu patronalari boterea borrokatzeko, politika ekonomiko eta sozialak baldintzatzeko, benetako sindikalismoa egiteko eta Euskal Herriak behar eta nahi dituen sakoneko aldaketa horiek lortzeko. “Zarata ateratzetik” krisiaren aurrean ofentsiba egitera egin dugu jauzi eta hau benetan da inportantea.
Bide horretatik jarraitu beharra daukagu. Gehiengo sozialak dauka indarra, nahiz eta askotan ez konturatu; geuk daukagu giltza, baina borrokatzen ez bagara, nora arte dira kapazak atzerapausoz atzerapauso gu eroateko? Akaso uste duzue punturen batean errukitu eta “nahikoa da” esango dutela? Sekula ez dute nahiko irabazten, sekula ez dute nahiko aprobetxatzen!