argia.eus
INPRIMATU
Maitematikak
Jone Uria 2013ko maiatzaren 02a
Jone Uria
XDZ
I

Maitasuna da ia guztiok
dugun kezka nagusia,
baina ez dut nahi egin sorta bat
polita bezain kursia.
Matematikaz eta zientziaz
dena dakit buruz ia.
Askorentzako konparaketa
izan arren itsusia,
matematikak ta maitasunak
badute zer ikusia.
 
II

Neskek bularren tamainagatik
sarri a ze apurua
mutilek ere neurriagatik
maiz jana dute burua.
Ta ahal den gehien probatzea noiz
ez da izan helburua?
Nahiz eta askok sarri ukatu
hain da gauza segurua:
bietan dira garrantzitsuak
neurria ta kopurua.
 
III

Bikoteentzat “bikoiti” edo
“bakoiti” daude bi izen.
Bikoitia da parrandakoa,
dena dago ahal den grisen,
bitan zatitu ezkero ez da
hondarrik ere gelditzen.
Baina hasita noizbait bikote
bakoiti bat erdibitzen,
bat ere ez da hasieran zen
bezain osoa sentitzen.
 
IV

Kilometroen distantziak du
askotan zer mugatua,
baita urteen diferentziak,
nahiz ez izan pekatua.
Urteak eta kilometroak
bada zer biderkatua,
emaitza horrek adierazten du
bikotearen patua:
harreman hori noraino izan
daiteken konplikatua.
 
V

Beste formula batekin ere
badaukagu zer konproba.
Sexua bider maitasuna da
egin beharreko froga.
Emaitzak dio harreman horrek
iraun lezaken denbora,
eta nahiz eta aldagai batek
igual asko egin gora,
bietako bat zero denean
emaitza ere zero da.
 
VI

Nahiz aurrekoaz neur liteken
harreman baten eskala,
bihotz barrutik ezin da kendu
beti sartzen den ezpala.
Bada lege bat betetzen dena
grabitatea bezala.
Zoritxarrean harremanetan
proportzioa da hala:
emozioa gutxitu ohi da
denbora hazi ahala.
 
VII

Harreman baten egonez gero
ohi den bezala luzaro,
ez du inporta ze garaietan
zahartzaro nahiz gaztaro.
Onean nola izaten garen
zoritxarraren esklabo,
maitasunean ere aldaketa
erraza da berez, klaro:
positibotik negatibora
marra bat baino ez dago.
 
VIII

Nahiz ta jendeak pozik egiten
duen sarritan irrintzi,
nik betirako maitasunaz dut
hainbeste aurreiritzi.
Esperantzaren atea berez
ez dudan nahi arren itxi.
Infinitua ta maitasuna
bi gauza antzeko, bitxi;
asko hurbildu arren ezin da
inor bertara iritsi.
 
IX

Hori izan da nik maitasunaz
botatako predikua,
zientziarekin konparatzea
ez delako delitua,
eta pena dut bertso hauetan
guztia ez kabitua
bien artean antzekotasun
bat baita infinitua:
bietan dugu zer ikasia
eta zer deskubritua.
 
Doinua: “Mundu honetan holako gauzak”.