argia.eus
INPRIMATU
Forki
“Herri Irratian musika ‘underground’ asko entzun da jesuitek uzten zigutelako”
  • Musika eragile aparta irratian zein Gaztemania kontzertuen bidez. Donostiako tiporik ezagunenetakoa ere bada.
Fermin Etxegoien 2009ko ekainaren 14a
Forki
Dani Blanco

Forki zara goitizenez eta Gregorio Galvez egiazko izen-abizenez?


Forki naiz Forcada delako nire abizena eta txikitan hala jarri zidatelako Zumaian. Gregorio Galvez gaztaroan nire idoloa zen eta aspalditik laguna eta lankidea dut, eta baita ere Gipuzkoako irrati munduan derrigorrezko erreferentzia.
 

Azken furgoia duela 25 urte abiatu zenuen; noraino ailegatu da?


Ba hor dabil, azken garai honetan tunel luze batean sartuta. Nekez agertzen da, baina hauetako batean AHTari hordagoa botako dio.

Aizu, zenbat egin duen Jesusen Lagundiak underground musikaren alde!


Gipuzkoan eta garai batean, asko. Hemen, Herri Irratian, underground musika asko entzun da jesuitek uzten zigutelako.
 

Diskoak sarean doan egoteak diskoen bukaera dakar ala ez?


Bukaera ez, baina gauzak ez dira izango lehen bezala. Gaur egun ez duzu diskorik erosi behar, behintzat bakarrik entzun nahi badituzu. Hor daukazu adibidez Spotify, guztiz legearen barrukoa eta ia dena entzuteko aukera ematen dizuna.
 

Batzuek diote zuzeneko emanaldien onerako izan dela...


Hemen behintzat ez dut uste. Oraindik ez daukagu gauzak zuzenean ikusteko tradizioa. Ez diogu zuzenekoari behar den garrantzia ematen.
 

Zenbat aldiz pintxatu duzu gustuko ez zenuen zerbait, euskaraz zegoelako?


Ba, zoritxarrez askotan. Hemengo taldeekin orokorrean “aldeko diskriminazioa” egin dut, eta normala denez ondorioak horiek dira.
 

Aizu, gustura ikusiko zintuzket epaile Operación Triunfon...


Ez dakit zenbat edizio daraman saio horrek, baina aitortu behar dut gehienez hamabost minutu-edo eskaini diodala guztira. Ez dut zerikusirik mundu horrekin.
 

Hitz egidazu Donostiako gauaz ezagutuko bazenu bezala.


Nire Alde Zaharreko etxetik kontrolatzen dut dena eta iruditzen zait nahiko triste dagoela. Ez dakit, agian nire ulertzeko modua aldatu da. A, 80ko hamarkada!
 

Irratian aurkeztu zenuen lehen diskoaz gogoratuko zara. Baita azkenekoaz ere?


Lehendabizikoa Loiolako Herri Irratian izan zen, Eagles taldearen One of these nights, eta azkena, gaur bertan, Bill Callahanen Sometimes I wish we were an Eagle.