Europako Parlamenturako hauteskundeak pasa dira. Orain boterea banatzeko ordua da. Lehen begiratuan badirudi eskuineko eta ultraeskuineko parlamentariak izango direla gehiengoa. Horien artean, ustelkeria barnean daramaten batzuek botere gehiago lortu dute. Nahiz eta neoliberalengandik oso urruti ez ibili, alderdi sozialista europarrek (sozialdemokraziaren adierazleek) boterea galdu dute. Eta ez dago haize berri eraginkor eraldatzailerik. Beraz, hemendik aurrera egingo diren politikak eta hartuko diren neurriak ez dira orain artekoak baino askoz diferenteagoak izango. Izatekotan, txarragoak. Antisozialak eta xenofoboak. Ikuspegi politikoari dagokionez, Europako Parlamentu berriak ez ditu Herrien interesak defendatuko Estatu handienak baizik. Azken horiek lehentasuna ematen diete euren interesei, Herri txikienen gainetik. Gure Herriak arazo ekonomiko eta sektorialak zuzenean negoziatu ezinda segiko du. Frantziako eta Espainiako Estatuen bidez egin beharko du.
Zeini balioko dio Europako Parlamentuak? Urte hauetan, Bruselan, manifestazio ugari ikusi dugu; langileenak, arrantzaleenak, nekazarienak, siderurgia eta ontzigintzako langileenak, etorkinenak... 65 orduko asteko lanaldia proposatu ere proposatu zen. Parlamentuak erakutsi du merkatarien, Europa kapitalistaren eta antisozialaren zerbitzura dagoela. Kapitalismoaren kudeatzaileek milaka milioi gastatu dituzte beren lobbyek lan egin dezaten komisioetan. Eta dirua gastatzen segiko dute. Ez dute zerbitzatuko Europa soziala. Parlamentu berria antisozialagoa izango da. Hori bai, parlamentari bakoitzak, beste hainbat pribilegioz gain, 7.000 euro jasoko ditu hilero. Ez da harritzekoa abstentzioak irabazi izana.