Denboralea eta txalupa

Jose Ignazio Ansorena
Dani Blanco
Donostiako kaian, azken denboralearen ondoren, jakin nuen ekaitzetan noizbehinka kai barruan ustez ondo lotuta dauden txalupa batzuk desagertu egiten direla. Euriak txalupa urez bete, pisuaren eraginez lokarriak puskatu eta hondoratu ostean, azpiko korronte indartsu batek itsas handira eramaten ditu. Han, txikituta, betirako desagertzen dira.
 
Euskaltzaleen artean astindua sentitu da PSEk hitzarmena sinatu duelako PPrekin eta Euskadiko lehendakaritza lortu duelako. Denborale politiko honek abertzaletasunaren txalupa piskana desagertuz joatea lortuko al du?
 
Euskaltzale-abertzale sentitzen garen gehienok uste dut horrelaxe, hurrenez hurren, dugula gogoa. Euskaltzale aurrenik, ondorioz abertzale. Badira noski euskaltzale izanik abertzale ez direnak, eta abertzale aitortzen diren baina euskaltzaletik ia ezer ez duten ugari.
 
Laburbilduz, euskaltzale abertzaleok uste dugu euskal kultura lasai, garapen normalizatuan bizi dadin estatu independente baten beharra dugula. Teoria hutsean ez da beharrezkoa. Baina urteetako jardunak ere zerbait irakasten du. Frantzia eta Espainiako estatuetan sakonki erroturik dagoen kultura politikoak ez du beste aukerarik ematen.
 
Horraino nire uste xumea. Ez nuke inor akabatuko kontrakoa irizten diolako, ezta zaplazteko txiki bat emango ere. Baina funtsik ez duela sinestarazteko, dugun eskarmentuarekin, lan handiak egin beharko lituzkete abertzale ez diren horiek. Ez zait iruditzen, ordea, oraingoz –itxurakeriak kenduta– lanean hasteko asmorik dutenik. Erraturik izango ahal naiz!
 
* * *
 
Abertzaletasunak zer ekarri dio herri honi azken ehun urteetan? Inork sinesten baditu Madrildik etortzen diren mezuak, ezer txukunik ez. Bereziki aipagarria da hainbat intelektualek egindako lan eskerga –ondo ordaindua noski, horretarako baitaude Fundazioak, Institutuak eta hainbat hedabide– nazionalismoa berez, era intrinsekoan, gaizto maltzurra den sineskeria zabaltzeko. Zaku berean sartuta diren eta izan diren nazionalismo guztiak. Sozialismo edo liberalismo guztiak ere poltsa berean sartuz gero, maltzurkeriaren erpineraino iritsiko ginatekeela ahaztu egin zaie jakina.
 
Nik, aldiz, uste dut, oro har, euskal abertzaletasunak mesede handiak ekarri dizkiola gure gizarteari askatasunean bizitzen ikasteko bidean. Akatsak ere izan dituela aitortuta. Geurean, beste hainbatetan bezala, fanatismoa sortzen utzi dugu.
 
* * *
 
Gure txalupari zerbait gertatu zaio. Ustez ondo lotuta, baina ez hainbeste? Toletak ustelduta? Euri jasaz babesteko estalperik jarri ez? Edo besterik gabe, gauez etorritako gaizkileak lokarriak askatu al ditu? Itsas handira iritsi aurretik gauza izango al gara berriro azaleratzeko? Agian ez du merezi. Txalupa berriak jarri dituzte salgai, itxura berrizaleagoa dutenak eta itsasoan arin-arin ibiltzen direnak. Erosle berrizaleak sortuko dira nonahi. Guk ere gure merkantzia zaharra berritu beharko dugu eta bildutako zama astunak gainetik kendu. Hortxe dago koska: zein da benetako zama?
 
Alderdi ez abertzaleen nagusiak gogaitu egin dira gurekin. Gehiegi eman diguten sentsazioa dute. Horixe baitago beren usteen oinarrian: eman egiten dizkigutela hainbat eskubide. Euskaldun abertzaleok, ordea, asezinak garela eta ez ditugula behar bezala eskertzen, exijitzen jarraitzen dugula. Horregatik gehiegikeriak konpontzen hasteko garaia heldu dela. Gauzak beren puntuan kokatzekoa. Horretan PP eta PSE azkar batean jarri dira ados, aurrerazale omen den partiduko ordezkariak eta, aurrerazaleen hitzetan, alderdirik atzerakoienekoak. Alderdi abertzaleak ez bezala. Disimulatu egingo dute ahalik eta gehien, PSEk bereziki, baina adi egon.
 
“Gezurra esan nuen Getarian, ni baino lehenago zen atarian”. Esaera zaharra.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude