argia.eus
INPRIMATU
Biriketako minbizia, gaitz traidorea
Jabier Agirre 2009ko ekainaren 10
Gaixotasun baten hasieraren berri lehen sintomekin izaten da normalean; biriketako minbizia, ordea, ez. Kasu askotan gaitza isilean pasatzen baita, eta nabarmentzen denerako beranduegi izaten da, zoritxarrez.

Biriketakoa da minbizi guztien artean beldurgarrienetakoa, ez bakarrik garaiz diagnostikoa egitea oso zaila delako, baita gorputzeko beste atal batzuetara oso bizkor hedatzen delako ere, eta batzuetan sintomak agertu aurretik. Gaitz traidorea da, beraz. Sarritan, kasualitate hutsez antzematen da, beste arrazoiren batengatik bularraldeko erradiografia bat egitean, esaterako. Minbizia oraindik tamainaz txikia denean eta inguruko ehunetara zabaldu gabe dagoenean diagnostikoa egitea oso garrantzitsua da, baina egoera hori oso gutxitan gertatzen da, bostetik batean gehienez ere.

Minbizia nabarmentzen denean, sintoma hauek ager daitezke: eztula, odola flemetan edo karkaxetan, min gogor eta iraunkorra bularraldean, aurpegiko, lepoko nahiz besoetako inflamazioa edo hantura –tumoreak bihotzaren mailaz azpitik dauden odol-hodi handiak estutu eta buxatzen dituelako–, pneumoniak edo bronkitisak bezalako arnas gaixotasunak behin eta berriz, eta pisu galera. Baina ez da itxaron behar sintoma horietakoren bat begi-bistara nabarmendu arte; batez ere erretzailea izanez gero, bularraldeko mina edo odolez zikindutako karkaxak agertu bezain pronto onena medikuarengana joatea da.

Tratamendua zer-nolakoa izango den erabakitzeko hainbat faktore hartu behar dira kontuan: tumore mota eta haren zabalkundea, pazientearen osasun-egoera eta bizi-iraupenerako funtsezkoak diren bihotza, gibela edo giltzurruna nola dauzkan gaixo bakoitzak. Orokorrean, hiru teknika hauen konbinazioa aukeratzen da:

- KIRURGIA. Eraginkorrena da, baina minbizia erabat erauzi daitekeenean baizik ez da erabiltzen, gaixoaren arnas funtzioa bere kasa aurrera jarraitzeko moduan geratzekotan betiere. Birikaren segmentu txiki bat, lobulu oso bat edo birika osoa erauzi daitezke, gaitza noraino zabaldua dagoen.

- ERRADIOTERAPIA. Energia altuko X izpiak dira, minbizi-zelulak suntsitzen dituztenak.

- KIMIOTERAPIA. Tratamendu nagusi moduan erabil daiteke, edo kirurgiaren osagarri. Batzuetan kirurgiaren aurretik erabiltzen da, tumorearen tamaina txikitzeko.