Baigorri nafar arragoa, Basaizeak ufatua

  • Nafar abertzaleek ontsa seinalatua dute apirilaren azken igandea: Nafarroaren Eguna. Berezko bi izen ditu ospakizun egun horrek: Baigorri eta Basaizea. Azken 30 urteotan Nafarroa Garaia eta Nafarroa Beherearen arragoa da Baigorri.
Basaizea elkartea
Basaizea elkarteko Betti Bidart, Maddalen Errotabehere eta Artia Olzomendi.
Baigorri herria eta Basaizea elkartea dira Nafarroaren Egunaren gorputza eta bihotza. Gorputz eta bihotz horien parte diren hiru lagun solastatu ditugu: Betti Bidart (1949), Maddalen Errotabehere (1973) eta Argia Olzomendi (1980). Baigorriarrak dira hirurak, hiru belaunaldiren ordezkariak.

1968an 60 gaztek hausnarketa politikoa egin zuten Baigorrin. 1970eko hamarkadan Kultur asteak antolatzen hasi ziren Iparraldean –Hendaia, Hazparne edota Maulen–, lanaren, gazteriaren eta euskararen problematikak bultzatuta. Adibidez, 1974an gazteek Tobera bat jokatu zuten Baigorrin: Etxe sartzea. Kristiane Etxaluz eta Daniel Landartek lagundurik. Lur arazoak salatu zituzten: “Baigorriko lehen Kultur astea 1979an egin zen. Musikaz, kantuaz eta dantzaz gain, guretzat kultura bizitzeko moldea zen inportantea, jendearen arteko harremana. Herria bere historiarekin lotu eta agertu nahi genuen halaber” dio Betti Bidartek.

Arrola eta gaiteroen taldeak

Nafarroaren Eguna eta Basaizea ulertzeko, 1970 hamarkadan Baigorrin bizi zen giroa ezagutu behar da. 1977an Baigorriko kantonamenduan gazte andana batek tokiko arazoei buruzko gogoeta sakona egin zuen. Gogoetak 250 herritarren sinadurak bildu zituen. Agiriak arlo hauen egoera larria nabarmendu zuen: laborantzaren eta lurraren problematika. Lana herrian eskas izatea. Euskara eta euskal kulturaren ahultzea. Arazo sozialen larritzea. Orduan hasi zen ernetzen 1980 aldean errotuko zen arbola: Basaizea Kultur Batasuna sortu zen.

Bettik segitu du eleketan, nasai: “Nafarroaren Egunaren ideia sortu zenean Arrola dantza taldea ari zen jada. Gaiteroak 1972an hasiak ginen, Lizarran hasi ere gaita jotzen ikasten. Carlos Ruiz, Jose Luis Fraile, Javier Lakuntza eta Javitxu Perez de Obanos-ekin aritu ginen. Tafalla, Iruñea eta Lizarrako jende anitzekin gurutzatu ginen Basaizea sortu orduko”.

30 urteko bilakabidea

Solaskideen hitzetan lehenbiziko urtean espainoleria jinen zela uzkur zegoen baigorriar asko, Baigorri okupatua izanen oten zen beldur zegoen jendea: “Nafarroaren Egunaren lehen ekitaldian etxe gehienak itxiak ziren Baigorrin, plazan bereziki. Bazeuden arrunt kontra zirenak, ez denak. Gehienak zalantzan ziren, gerta zitekeenaren beldur. Gutxiengoa zen eguna begi onez ikusten zuena” dio Bettik.

Gazteen ideia berriek izutzen zuten jendea. Abertzaletasunaren mugimendua hasia zen azkartzen: “Abertzalegoa ez da inoiz nagusi izan hemen, eta orduan gutxiago. Michel Intxauspe eta bere jauntxokeria nagusi ziren. Abertzaleen kontrako kanpaina azkarrak egiten zituzten herritarrak uzkurtzeko. Garai hartan egun ez den beste giro bat zen, oso gogorra”. Hamarkadaz hamarkada mugimendu hura normalizatu da, ideien eboluzioa baikorra izan da, solaskideek diotenez.

Hizkuntza eta mezua

Lehenbiziko urtean autobus ugari heldu zen Tutera, Tafalla, Lizarra, Iruñea, Baztan eta Leitza aldetik. Basaizeako kideek mezua ontsa helarazi zuten, baita ongi ulertu ere Nafarroa Garaia osoan: “Mezua ‘gu nafarrak gira’ zen. Frankismoaren ondoko giroa bizi-bizia zen. Pentsa, gaiteroak Ribaforadakoak ziren. Erriberatik jinak! Zer kultur ezberdinak, mundu bi dira egun eta orduan are gehiago” dio Bettik.

Komunikatzeko trabak izaten ziren hastapenean, baina nahikari handia zen elkar ezagutzeko. Batez ere, Tafallako jendearekin zituzten harremanak. Ordurako Baigorri eta Tafalla herriak uztartuak ziren –Jumelage edo parezkatzearen ondorioz–. Amaiur elkartea zuten lotura; Josemari Esparza tarteko. Jean Haritselhar Baigorriko auzapeza zen. Honek Egunari ofizialtasuna eman nahi zion, baina asmoa fite trabatu zuten: “Bigarren kultur astea izan zelarik Ramuntxo Arruiz hil zen Baionan, Basaizeako kidea [eta IKko kidea]. Haritselhar ehorzketara joan zen eta oposiziokoek dimisioarazi zuten udal kargutik”.

Hamarkada izugarria

Baigorri poliziaz inguraturiko herria zen garai hartan. Lehen urtean herritarrak uzkur bazeuden, hurrengoan are gehiago. Giroa zaila zen, baina Basaizea eta gazteria orobat engaiamenduari tinko lotu zitzaizkion: “Gazteria ez zen baitezpada borroka armatuaren aldekoa. Bakoitzak bere hautua egiten zuen, eta gehienek Nafarroaren Egunaren inguruan bat egiten genuen. Elkar atxikitzea izan da gure indarra, elkarrekin aitzina egitea”. Izan ere, Baigorrin 1982an bi CRS [polizia frantziarra] hilak izan ziren. Filipe Bidart –Bettiren anaia– akusatua izan zen. Gau hartan jendarmeek gazte andana arrastatu zuten. Tentsioa izugarria zen herrian. Tentsioak 1987ra arte iraun zuen. Cristophe Isteke baigorriarra eta gaiteroa [IKko kidea hau ere] urte hartan hil zen. Hamarkada izugarria izan zen.

Belaunaldi berriak

Basaizeak aitzina egin du. 100 lagunek osatuta dago egun. Bixentainia du bere egoitzaren izena. Arrola dantza taldeko –Bixentainia du egoitza ere– Maddalen Errotabeherek tipitik gogoratzen du Nafarroaren Eguna, gurasoen eskutik hasi zen mugimenduan: “Ni hasi nintzenean Bixentainia erosi zen. Maileguaren kezka zela oroitzen dut, diru kontuak. Aitzinekoek lan izugarria egina zuten. Gure garaian beste bitartekoak behar ziren, diruaren beharra zegoen. Aurrekontuari kasu gehiago eman behar genion”. Maddalenen belaunaldikoek lehen eta bigarren belaunaldikoen segidako lana burutu zuten.

Argia Olzomendi ere dantzaria da –Maddalen bezala, hamalau urtetan hasi zen, festetan laguntzen–. Bera da egun Basaizeako lehendakaria: “Gure ekarpena Nafarroaren Eguna festa normala bihurtzea izan da. Urte osoan lan egiten dugu. Basaizea herrian zabaldu dugu. Elkartea ez da bakarrik egun horretan ageri edo kultur asteari begira aritzen soilik. Azken hamar urtetako gure xedea Bixantainia jendeari irekitzea izan da, herritarrengana joatea”.

Esaterako, Olentzero jaia eta Eguberrietako Urtats gaualdia biziarazi dituzte. Lekuko ekonomia sustatzeko xedez merkatua sortu dute. Hilabeteko azken astean inguruko ekoizleak ekarrarazten dituzte: “Bi merkatu egun handi dira, Eguberrikoa eta herriko festetakoa. Merkatuaren espiritua kulturaren ikusmoldean sartu nahi dugu, kultura ez baita ikuskizunak bakarrik antolatzea” gehitu du Argiak.

Nafar kontzientzia

Nafar izatearen kontzientzia aipatu dugu segidan: “Jende gutxik zuen nafar kontzientzia herrian, gutxik. Hemen nafar eta euskalduna izatea gauza bera da. Erriberan ez da berdin, hain ziur” dio Bettik.

Nafarroa Beherea Iparraldean kokatu dugu, bestalde: “Baxenabarre Lapurdi eta Zuberoari lotua dago, baina Baxenabarrek berezko nortasuna du. Besteekin nahastean tokian tokiko nortasuna galtzen da. Lurralde bakoitzak badu bere izaera eta merezi du nork berea atxikitzea”, diote hiruek.

Argia mintzo da: “Eztabaida anitz izan dugu horretaz. Horregatik Iparraldean baino Euskal Herrian kokatzen dugu gure burua. Guretzat inportantea da Nafarroarekin gurutzatzea, baina baita Gipuzkoarekin edota beste lurraldeekin. Euskal Herriko probintzietako kultur ezaugarriak ezagutzeko gaiak eskaintzen ditugu kultur asteetan”. Bettik hauxe gehitu du: “Euskaraz eta Nafarroaren historiaz arduratzen gara orain bereziki. Nafarroa zer izan zen, aldi berean Baxenabarreren bilakaera hausnartzen dugu. Huts handia dago gure historiaren ezagutzan”.

Basaizeako kideen lehen nahia euskara zabaltzea da. 30 urtetan euskaraz egin dute lan, eta egun iraganean baino gehiago egiten dute: “Euskaldungoak alimaleko indarra agertu du euskaraz osoki aritzeko”. Maddalen ari da: “Guk kausitu genuen ingurua ari zela frantsesten eta inguru euskalduna eman nahi izan diogu jendeari. Bilkurak euskaraz egiten ditugu elkartean. Frantsesa nagusitzen hasi zen, baina gau-eskolek arrakasta handia erdietsi zuten eta anitzek euskara berreskuratzeko enbeia izan dute”.
Argiak hauxe dio berriz: “Alta, gure ikusmoldea arras gaizki konprenitua izan da zenbaitetan. Jende anitzek ‘itxiak’ ikusi gaituzte, kritika gogorrak ukan ditugu, bakarrik euskaraz eta euskaldunei buruz ari ginela. Guk aldiz, munduko gauza guztiez eta euskaraz egitea irekidura moldea dela pentsatzen dugu”.

Basaizea geroari buruz

“Basaizea naturala da, basa...” erran diegu solaskideei. Irri egin dute: “Eta hala izaten jarraitu nahi dugu”. Bettiren eleak dira: “Zer nahi gisaz, Basaizeak udaletxeak egiten duena baino gehiago eginen balu, biziki ontsa hartuko genuke. Herriko kazeta ofizialak Basaizea aipatzen du gero eta gehiago, baina 28 urtez ez du onartu herriko elkarteen artean. Gauzak normalagoak izan litezke. Herriko hautetsiak ohartu dira urteko festa handienetako bat dela, handiena naski. Gomitatuak dira, bistan da. Gero eta gehiago datoz. Duela bi urte Baxenabarreko Herriko Etxe guztiek gomita ukan zuten eta anitzek parte hartu dute. Eta guk ez dugu baitezpada dirurik galdatzen”.

Honatx Maddalen eta Argiaren eleak finitzeko: “Geroa baikor ikusten dugu. Jendeak badaki zer den Basaizea, gure garaietan ez zen horrela. Heldu da beste belaunaldi bat, gazte anitz sartu da elkartean. Gure espirituan ari dira, beren moldean, euskaraz betiere. Iraganean ari izan direnen haurrak heldu direla ikusten dugu. Gure nahikariak eta asmoak transmititzen ari dira”.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kontzertuak
Zuzeneko kronika
Behin baziren baionar batzuk...

Willis Drummonden agur besta

Non: Intxaurrondoko kultur etxean, Donostian

Noiz: Urtarrilaren 5ean

Gonbidatuak: Zetkin, Elvis Caino DJ, Indezen DJ eta Zumitrenko DJ.

------------------------------------------------

... esango dugu noizbait. Joan ikustera, baina... [+]


Eguneraketa berriak daude