La tempestad
La tempestad. Santiago García / Javier Peinado
Astiberri (2008).
96 orrialde, koloretan. 16 euro.
Agian, kultura modernoaren historian William Shakespeare idazle eta antzerkigilearen The Tempest obrak inspiratu du bertsio gehien. La tempestad zientzia-fikziozko komikia horietako bat da eta, agian, 1611. urtean Londonen estreinatu zen antzezlana –eta haren bertsioak– ez ezagutzeak jokoz kanpo harrapa dezake irakurlea, bereziki liburuaren aurreneko partean. Niri behintzat hala gertatu zait. Iraganera egindako erreferentziek batetik, eta pertsonaia batzuen konspirazio asmoek bestetik, apur bat despistatu naute. Informazio gehiegi denbora-espazio tarte txikian.
Hasierako susto txiki hori gaindituta, istorioak erritmo bizi baina orekatuan egiten du aurrera. Momenturen batean pentsatu dut Tintin ilargira bidean edo antzeko abentura komiki bat neukala esku artean, baina Santiago Garciaren gidoiak eta Javier Peinadoren marrazkiek segituan atera naute tontalditik. Suntsitutako espazio-ontziko tripulatzaileei robot erraldoi batek lepoa nola mozten dien ikustean konturatu naiz oker nenbilela, hau ez dela “gaiztoak zintzoen aurka” istorio ñoñoa.
Pertsonaia (ia) guztiak dira zintzoak –inozoak–, euren amets eta asmo ederrekin, baina batez ere (ia) denak dira gaiztoak, botere goseak jandako gizasemeak. Alegia, izan daitekeela 3567. urteko istorio bat, bere espazio-ontzi eta robot supergaratuekin, baina baita 1611koa, edo 2009koa. Biolentzia eszena ugari daude komikian baina, zer nahi duzue esatea, ez dira desatseginak. Areago, odol jarioek ukitu komikoa –“umore beltza” ere dei geniezaioke– dute. Tragedia eta komedia, Shakespeareren erromantzean bezala.
Ilustrazioei dagokienez, Javier Peinadok erakutsi digu eskola franko-belgikarraren oinorde duina dela. Dekoratuak, espazio-ontzia, robotak... batzuek Edgar P. Jakobs Blake & Mortimer sailaren sortzailearekin alderatzen dute ilustratzaile madrildarra. Hergé eta André Franquin-ekin batera, Jakobs da askoren iritziz eskola franko-belgikarreko sortzaile inportanteena. Peinado multzo horretan sartzea gehiegitxo litzateke baina, egia esan, haren marrazkiek badute antzik Jakobsek egindakoekin. Lapitzaren zein koloreen erabileran antzeman daiteke hori.
La tempestad komikiaren animaziozko promozio-bideoa YouTuben zintzilikatu dute: www.youtube.com/watch?v=Hyr4OHyNeU0