Juan Luis eta Mikel Diaz de Corcuera anaia gasteiztarrak eta Juan Luisen emazte Nuria Arteaga dira proiektuaren sustatzaileak. Mikel aldizkariko zuzendaria da, Juan Luis marketin arduraduna eta Nuria erredakzio-kontseiluko kidea –Iñigo Yarza eta Lorena Martinezekin batera–. “Ikusten genuen bazegoela hutsune bat, ez soilik Araban, Espainiako Estatu osoan baizik”, esan digu ilustrazioaren munduak aspaldi harrapatuta bizi den Juan Luisek. Frantzian komiki-aldizkariek osasun hobea daukatela dio, eta hango autoreen lanak ere argitaratu nahi dituztela. Gasteiz eta Frantziako Angulema hiria senidetuta daude. Han egiten da Europako komiki azokarik inportanteena, eta beraiekin kolaboratzea ederra litzatekeela adierazi digu Diaz de Corcuerak: “Hemengo egileen lanak frantsesera itzuli eta Pirinioez gaindi zabaltzea gustatuko litzaiguke”. Lehen zenbakian euskarazko eta gaztelaniazko komikiak plazaratu dituzte.
Replika aldizkariaren 4.000 aleak Araban banatu dituzte, ia denak Gasteizen. Tabernetan eta estankoetan laga dituzte alerik gehienak, eta di-da desagertu omen dira. Banaketa-esparrua handitu nahi dutela dio Juan Luisek, baina zeregin hori -oraingoz euren esku dagoenez, gauzek zein norabide hartuko duten ikusi arte hala jarraituko dutela. Printzipioz, urtean lau zenbaki kaleratuko dituzte.
Doakoa izatea apustu arriskutsuegia ez ote den galdetu diogu Diaz de Corcuerari. “Tira, doakoa... hori erlatiboa da. Publizitateari esker egin dugu aurrera, bestela... Ez dugu uste jendeak komiki aldizkari batengatik ordainduko lukeenik”, erantzun digu. “
Replika edonork irakurtzea desio dugu, Gaztetxekoek, 50 urteko enpresariek... eta badirudi funtzionatzen duela. Jendeak komikiak irakurri nahi ditu. Ez dakit zergatik, baina arabarrek betidanik izan dituzte gogoko komikiak. Mercedes bat gidatzen duen trajedun batek eskuetatik hartu eta esaten dizu: ‘Milesker, emango diot begiratu bat’. Apur bat harritzen zaitu”.
Internet eta autoedizioa
Replikak sarean ere badu bere lekutxoa:
www.myspace.com/replikacomic. Internet artistak harremanetan jartzeko oso tresna erabilgarria dela dio Diaz de Corcuerak, eta marrazkilari ugari zuzendu zaizkiela MySpace bidez.
Bestelako abantailak ere eskaintzen ditu Internetek -informatikak-. Posible da adibidez norberak aldizkari bat autoeditatzea. “Marrazkiak lehen bezalakoak balira, balioko lukete... baina hain medio gutxirekin nekez kaleratuko genuke aldizkari bat”, esan digu Diaz de Corcuerak. “Marrazteko erari dagokionez ez da hainbesteko aldaketarik izan. Ordenagailuz dozena erdik marrazten du. Komikigileak apur bat arraroak dira, musikariak bezala, baina kutreagoak. Photoshop eta freehand moduko programak zuri-beltzezko marrazkiak koloreztatzeko erabiltzen dituzte”.
1. zenbakiko komikigileak
Pernan Goñi, Juan Luis eta Mikel Diaz de Corcuera, Lilla & Maclet, Gerardo Armesto, Iñigo Yarza, Iratxe Ortiz de Zarate, Susana Morcillo, Mauro Entrialgo, Iñaki Cerrajeria, Alfonso Tamayo eta Mario Lopez.