"Bertsio bat egiteko garrantzitsuena da, originala entzutean guk berehala moldaketa irudikatzea"
Nola bururatu zitzaizuen omenaldi-diskoa egitea?
Ideia aurreko diskotik dator. Orduan lege arazo batzuk medio, ezin izan genuen NCCren bertsioa nahi genuen bezala izendatu. Hala, kantu hori single batean kaleratzea pentsatu genuen, baina zuzenekoetan bertsio gehiago egiten hasi ginen; eta azkenean guztiak
Pong! diskoan batu ditugu. Bi Batean-eko Unairen laguntza ere garrantzitsua izan da.
Zer behar du kantu batek “munletizatua” izan ahal izateko?
Badira estruktura zehatz batzuk guk kantu horiek moldatzeko egokiagoak direnak. Bestalde, izaera hipnotiko edo azkarrenak dituztenak ere aproposak dira guretzat. Baina, garrantzitsuena da originala entzutean guk berehala bertsioa irudikatzea.
Bertsionatu dituzuen Euskal Herriko talde guztiak NCC izan ezik oso ilunak dira. Soinu horiek sintetizadore, Korg MS-20 eta halako aparailuekin erabat lotuta daude?
Egia da 1980ko hamarkadako talde siniestroek halako soinuak erabiltzen zituztela, baina ez daukate batera joan beharrik. Gu, esaterako, saiatu gara El Desvän del Machoren punk espiritua eta Cancer Moon-en kraut ukitua erakusten. Eta Eskorbutoren kantua beraiek disko musikaren parodia gisa idatzi zuten; eta guk gainetik parodiatu dugu: ezetza ezeztatuz baiezkoa bihurtu dugu.
Josetxo Anitua zenak ondo merezia zeukan onespena jasotzen dihardu. Zuek ere diskoa berari eskaini diozue…
Josetxo, batez ere, pasioa zen; gainera, inoiz ez zuen musika errazena egin, eta umiltasunez bihotzari egin zion kasu beti. Guretzat Josetxo ezagutzeak berebiziko garrantzia izan zuen.
Estiloari dagokionez, inongo lurrean zaudete. Eroso al zaudete?
Bai, ez gara horren bila joan, baina hala da. Dena dela, oso interesgarria eta kitzikagarria da, esperimentatzeko aukera asko ditugulako. Gainera, oso poliki ezagutzera ematen gabiltzan arren, oso harrera ona egiten digute.