argia.eus
INPRIMATU
Miranderen alegoria?
  • Jon Mirande ::Haur besoetakoa

    Lur (1970) - Erein (2007)

    orrialdeak ::124

    prezioa ::6€

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2011ko urriaren 05a
Haur besoetakoa
Ez zait konparazioa interesatzen, baina sarri alderatu izan da Jon Miranderen Haur besoetakoa Vladimir Nabokoven Lolitarekin. Bada nahiko motibo, azaletik begiratuta: bietan pedofilia kasu baten bueltan egituratzen da istorioa, eta garai beretsuan idatzi ziren (1959koa duzu Miranderena, 1955ekoa Nabokovena), nahiz eta Haur besoetakoak tiradera batean lo egin urte askoan, 1970ean Lur-ek argitara eman arte. Baina esan dudan bezala, ez zait konparazio hori interesatzen. Eta orduan –galdetuko duzu, irakurle– zergatik hasi erreseina hori aitatuz? Lolitaz idatzi diren komentario ugarien artean badelako bat, Fredric Jameson-ek A singular modernityn egina, oso baliagarria zaidana Miranderen nobela honetaz hitz egiteko –ados, azkenean esan daiteke konparazioa interesatzen zitzaidala, baina beste modu batera–.

Lolitan agertzen zaigun sedukzioa, Jamesonen esanetan, alegoria bat da: AEBetako masa-kultura nerabe eta oihesak Europa zaharra (kultuegia, munduaz nazkatua) seduzitzen du. Eta galdera da: interpretazio hori Lolitarentzat ona bada, ez al ginateke saiatu behar Haur besoetakoari beste irakurri bat ematen, pedofilia kontuak bigarren planoan utziz? Azalean bistakoa baita narratzailearen gaixotasun mentala, nabarmena haren misoginia, baitezpadakoa haren ezin bizia. Baina hori baino gehiago ere badagoela iruditzen zait.

Eta bai, idatzi zen garaiarengatik, egon liteke alegoria bat Haur besoetakoako narratzaileak Theresa txikia bereganatzeko nahiaren atzean: Euskal Herri abertzale tradizionalak mundu modernoan bestelako irteera ideologiko bat bilatzeko desioa, hain zuzen ere. Ez ahaztu: aitabitxia familia aristokratiko bateko seme da, baina familiaren egunik loriosenak ugertu ziren aspaldi –euskal abertzaletasunarenak bezala, 1950eko hamarkadan–; hala ere, kanpotik datorrena baztertzen du –otseina, emaztegaia–, eta etxeko txikian bilatzen du ezinezko zoriona. Ez al du protagonistaren jarrera horrek ederki islatzen Mirandek ideologikoki bere garaiari eman zion erantzuna? Abertzaletasun kristau flakoa baztertuta –familia aristokratikoa, moraltasuna–, nazionalismo pagano energikoago, gazteago –haurra– baten alde egin zuen. Horrek, ostrazismora eta heriotzara eramaten du narratzailea; ostrazismoa eta heriotza izan ziren idazle zuberotarraren patua ere.

Nire harridura adieraztea baino ez zait geratzen bukatu aurretik: liburu honek, XX. mendeko euskal literaturaren mugarrietako bat, 50 urte bete ditu aurten. Badirudi ordea, nobelak ez duela deus balio, inon ez baitut ikusi jardunaldirik, ekitaldi ofizialik edo irakurketa publikorik efemeridea gogora ekartzeko.