argia.eus
INPRIMATU
Sari gorriak
Jakoba Errekondo 2009ko maiatzaren 27a
Kurkuma
Guretzat perrexila, Petroselinum crispum, edota baratxuria, Allium sativum, direnak baino eltze gehiagoko burruntzalia da Indian kurkuma, Curcuma longa. Paisaia da kurkuma, kultura. Naturan ez dute kurkumarik ezagutzen, denak etxekotutakoak dira, zenbat eta zenbat, ordea... Bertako kultura izanik, ezkontza eta antzeko errito eta funtzioetan nahi eta nahiezkoa da.

Sariak, saretzeko jantziak, kurkuma hautsarekin tindatzen dituzte. Zein eratara maneiatzen denaren taxuko margoa emango dio ehunari: inguru alkalinoan gorri bizia eta azido artean horia. Gorritik horira artekoak dituzte beren kolore.

Osasunari begira, adinekoen buruko egoera hobetu eta zahartzeari aurre egiten laguntzen omen du. Kurkuma sustraia ehota, hautsa baliatzen dute eta kurrian hartzen dute. Kurkuma gorputzak ez du, nonbait, erraz bereganatzen. Lan hori samurtzeko piperbeltzarekin nahasten dute, horra kurriaren oinarria. Espezia nahasketa horrekin gozoak ez diren beste jaki ia denak gozatzen dituzte. Bangaloreko mediku eskolan egindako ikerketa batek argitu du jakinduria gastronomiko zahar horren kakoa: piperbeltzarekin nahasita kurkuma osasuntsua %2.000 gehiago hartzen du gorputzak.

Mundu hartan ikerketa ugari burutzen ari da, gaitasun horiek frogatu eta gastronomian, kosmetikan... haren erabilera sustatzeko. Gustuko ez dituzten biloak kendu, larmintzari aparteko distira eman, hanturak baretu eta kaltegarriak izan daitezkeen bakterioak eta abar urrutiratzeko, azalean kurkuma orea gozo ematen dute emakumeek. Eguzkiaren erredurarik ez izateko, gero eta maizago ikusten da babes kremen etiketetan. Automobilaren irradiagailuko jario-txuloak ixteko likidoaren osagai nagusia da. Baratzean bazterren batean ere hor izango dute, inurriak uxatzeko.