argia.eus
INPRIMATU
Pobrearen etxean
Joxemari Ostolaza 2009ko maiatzaren 31
Joxemari Ostolaza
Auzoan zahartu ogia, jaki. Abertzaleen Batasunak gau bisitariak izan ditu. Baimenik galdetu gabe, auzoek adieraziaren arabera goizaldean bortxaz sartu eta zituen ondasun urriak eraman dizkiote. Garbiketa egin dutela alegia. Lapurreta. Komisaldegian salatu ondoren, polizia judiziala arduratu da azterketaz. Ekintza politikoa dela berehala ebatzi dute. Ez dute dudarik. Aurkaria ahultzea, indargabetzea, joera ohikoa da zenbaiten estrategian. Hola azkartzen da zenbait, horretarako edozein dela ere erabilitako modua ontzat emanda. Estatuek asko dakite hortaz, eta adin batekoek ere bai. Gogoan ditut garai batean HBren egoitzan instalatutako tramankulu elektronikoak, informazioaren hartzaile haiek. Baita militanteen kotxetan ezarritako antenak ere, beren ibilerak jarraitzeko egokiera ematen zietenak. Aurreilegalizazioak. Eremua zabaltzen ari dira. AB ez dute gogoko, desaktibatu nahi dute, enbarazu egiten die. Ordenagailuetako informazio osoa, kopiak, lan tresnak lapurren agintarien esku daude. Etsaiari ogi apurrik ez, dute lege. Seguritatea estakuru. Antiterrorismoa aterbe. Eta hau guztia, demokrazia dute. Agian, mezu elektroniko berriak hasiko gara jasotzen, gure sistemak “spam” legez joko dituenak. Agian.