John Grunsfeld eta Andrew Feustel astronautei egokitu zaie Hubble teleskopioan behar diren konponketak egitea, gutxienez beste bost urte irauteko. Hiru lan burutu behar izan dituzte horretarako.
Batetik, STIS espektrografoa konpontzea. STIS zulo beltzak detektatzeko eta exoplaneten kanpoko atmosfera aztertzeko erabiltzen da, eta 2004tik matxuratuta dago.
Bestetik, ACS kamera berritzea. Irudiak transmititzeko funtzioa du ACSk, baina 2007tik ez du ezer emititu. Ia kamera osoa berritu dute, baina bereizmen handiko zatiak matxuratuta segitzen du.
Azkeneko lanak bateriak berritzea, teleskopioaren orientazioa gidatuko duen hargailua ordezkatzea eta estalki termiko berria jartzea izan dira. Amaitu ondoren, Atlantis espazio-ontzitik bereizi eta bere orbitan kokatu da Hubble berriz. Gauzak ongi, Atlantis maiatzaren 22an izango da Lurrean.