argia.eus
INPRIMATU
Bilboko Gotzaindegian gose greba, 40 urte
1960-1970: asaldaketa politiko-sozial handiko hamarkada
Juan Mari Arregi 2009ko maiatzaren 31
Josu Naberan, Alberto Gabikagogeaskoa eta Jon Etxabe cartagenako presondegian
Josu Naberan, Alberto Gabikagogeaskoa eta Jon Etxabe cartagenako presondegian 1972an, Zamorako ihes saiakeragatik zigortuta.
1969ko maiatzaren 30etik aurrera, bost euskal apaizek Bilboko Gotzaindegian burututako gose grebak, hamar eta hamabi urteko kartzela zigorrak ekarri zizkien; baina ez zen gertaera bakana izan gure herriaren historian. Francoren erregimenak, Eliza ofizialaren hierarkiaren laguntzaz, urtetan burututako errepresio politiko eta sozialaren aurkako ernetzea izan zen. Gurutzada frankista abiatu zenetik, euskal kleroaren hainbat sektorek herriaren alboan egoteko erabakia hartu zuten eta, horregatik, zenbait apaiz fusilatu egin zituzten. Apezpiku batek, Mateo Mugica Monsinoreak, hasieran altxamendu frankistaren alde egin arren, iritzia aldatu eta bere kleroa babestea erabaki zuen; ondorioz, errepresaliak jaso zituen, deserritu egin zuten eta Zarautzen hil zen, baztertuta.

ETA 1960an sortu zen. Klandestinitatean zabaldu ahal izateko, kanpoko laguntza behar izan zuen, eta laguntza hura, besteak beste, zenbait parroki etxetan eta erlijiosoen komentutan topatu zuten. Batzuetan, etxe horiek ETAko liberatuen babesleku izan ziren. ETAren propaganda aparatua ere hainbat apaiz eta erlijiosoez baliatu zen. Urte horretan bertan, Euskal Herriko 339 apaizek manifestu bat helarazi zioten Vatikanoari giza eskubideak, banakoenak nahiz kolektiboak, eta hizkuntza eskubideak urratzen ari zirela eta askatasun politikorik ez zela salatzeko. Manifestua sinatu zuten askok zegozkien apezpikuen errepresaliak jaso zituzten: jatorrizko parrokietatik urruneko herrietara lekualdatu –deserritu– zituzten.

1967an, Bizkaiko 80 apaizek Gobernu Zibilaren aurrean manifestazioa egin genuen sotanak jantzita, Bandas-eko (Bizkaiko Labe Garaiei hala esaten zitzaien orduan) grebalariei elkartasuna agertzeko. Urte haietan, zenbait apaiz fabrikatan eta eraikuntzan lanean hasi ziren. Egunetik egunera lan eta gizarte gatazkak areagotzen ari ziren. Orduan legez kanpokoak ziren maiatzaren lehenak eta Aberri Egunak gogor zapaltzen zituzten, eta pertsona asko atxilotzen zituzten, horietako batzuk apaizak, hala nola lerro hauek sinatzen dituena. ETAko atentatu batek lehen hildakoa eragin zuen eta, halaber, lehen aldiz guardia zibilak ETAko liberatu bat hil zuen, Txabi Etxebarrieta. Horrek guztiak Euskal Herria astindu zuen. Eliza ofizialak ezentzunarena egiten zuen, erregimen frankistarekin zeukan konplizitateari eutsiz. 1968an, Bizkaiko apaiz batzuek Bizkaiko Gotzaindegia bitan okupatu genuen, maiatzean eta ekainean, Elizaren konplizitatea salatzeko. 1968ko azaroan 80 apaiz inguruk Derioko Seminarioa hogei egunez okupatu genuen, Vatikanoari Eliza propioa, autoktonoa, pobrea, askea eta profetikoa –zapalketa politikoa eta soziala salatuko zuena– eskatzeko.

1969an, errepresioa basatia izan zen. Apirilean ETAren kupulako hainbat kide atxilotu zituzten, baina beste hainbatek ihes egitea lortu zuten eta, horretarako, herritarren laguntza izan zuten, baita zenbait apaiz eta erlijiosorena ere. Apaiz eta erlijioso horietako batzuk atxilotu zituzten, baina beste ehunka batzuek ihes egitea lortu genuen. Elizaren hierarkiaren errepresioa eta isiltasun konplizea zela eta, maiatzaren 30ean bost apaizek Bilboko Gotzaindegian gose greba abiatzea erabaki zuten. Epaitu eta hamar eta hamabi urteko kartzela zigorra ezarri zieten. Haientzat Zamorako “konkordatu-espetxea” inauguratu zuten. Elizaren eta Estatuaren Presondegia. Eta, gerora, dozenaka euskal apaiz espetxeratu zituzten hantxe.