argia.eus
INPRIMATU
Adierazpenak
2009ko maiatzaren 31

Edu Muruamendiaraz Aukeran dantza-konpainiako zuzendariak HABE aldizkarian: "Proiektuak izan baditugu, baina orduak falta zaizkigu entseguak egiteko. Ez gara profesionalak eta igarri egiten da. Orduz kanpo egiten ditugu entsegu horiek, gune ez oso aproposean, Zurriola ikastolak uzten digun areto txiki batean, eta eskerrak horri, baina leku hobe bat behar dugu. Profesionaltasunerako jauzia egitea ezinbestekoa da (...) Telebistan badira saio batzuk dantzarien gainekoak, estilo ezberdinak lantzen dituztenak eta dantza ezagutzera eman dutenak. Show edo reality horiek gustuko ez baditut ere, esan dezaket dantza-arloari ez diotela kalterik egin, dantza ezagutzera emateko lagungarriak izan direla".

 

Mikel Onaindiak Garan: "Arteak ezagutza edota begieste estetikoen iturri beharko luke. Horregatik, arte garaikidean pedagogiaren auzia funtsezkoa da (...) Baina, izan gaitezen serioak. Ez da soilik pedagogia kontua. Arazo estruktural bat ere badago: arte garaikidearen produkzioaren gehiengoa kaxkarra da benetan, baliorik gabekoa. Askotan badirudi artea, abangoardia historikoetatik gaur arte, errepikatzen ari dela etengabe. Ez da oso popularra halakorik publikoki esatea, baina museo eta galerietan aurkezten zaizkigunak ez dira ezinbestean lan interesgarri eta kalitatezkoak izan behar, hor egote hutsagatik eta duten kontsiderazio artistikoagatik".

 
 

Jose Luis Irigoien argazkilariak Berrian: "Badirudi argazki bat ateratzeko ez dela teknika edo ezagutza izan behar, edonork atera dezakeela argazki bat. Erraza ematen duenez, ez da argazkilaritza behar bezainbeste baloratzen. Halere, argazki onak lehen baino gehiago estimatzen direla iruditzen zait. (...) Copyleft bidez, esaterako, zure lanak erabiliko dituzte, baina, era berean, zure izena jakinaraziko dute".