"Amerikar kulturak homogeneizatzea bultzatzen du"

  • Richard Wayne Etulain amerikano baten semea da. Aita, Sebastian Etulain, Nafarroako Eugin jaio zen, eta Ameriketara emigratu zuen 1920ko hamarkadan. Haren semeak ez du aitaren emaria ahaztu. Duela hilabete batzuk EHUra etorri zen ikastaro bat ematera. Etulaindarren haziak bizirik dirauela ikusteko aukera izan genuen.
Richard Wayne Etulain

Noiz hasi zen zure familiaren historia Ameriketan?


Pazifikoko ipar-mendebaldera emigratzen lehenak Eugiko Beltzarena anaiak izan ziren, XX. mende hasieran. Laster nire aitaren bi osaba Washingtongo Yakima aldera joan ziren artzain. 1916an nire aitaren anaia zaharrena joan zen osaba haientzat lan egitera eta bi urte beranduago nire aitaren anaia gazteena. Nire aita 1921ean abiatu zen Yakima aldera. 1950eko hamarkadan, azkenik, aitaren iloba bat animatu zen bertan ardiekin lan egitera. Generazio desberdinetako gizonek emigratu zuten.
 
Senide hauetatik, batzuk bueltatu egin ziren, Beltzarena anaiak, esate baterako. Aitak zioenez, irabazitako diru guztia galdu zuten inbertitzaile maltzur baten eskuetan. Osaba bat ere bueltatu zen urte batzuk beranduago. Ezkondu eta Iruñean egin zuen bizitza.
 

Zer ogibide izan zuen aitak?


Bere belaunaldiko askok bezala, aitak ardiak zaindu zituen beste batzuentzat; bere kasuan, osaba batentzat. Nahikoa ardi lortu eta bere anaiarekin 1920ko hamarkada bukaeran abeltzain hasi zen. Depresio Handiko zailtasunei aurre eginda, nahiko ondo moldatu ziren biak. Nire aitak Mary Gillard nire amarekin ezkontzea erabaki zuenean 1936an, berak eta anaiak jabego eta ardiak banatu zituzten. Aita ardi eta ganaduarekin aritu zen hurrengo hogei urteetan. Gero Washingtongo Moses Lake-ra joan eta bertan motel bat eta apartamentuak eraiki zituen. Bizitzako azken urteetan ametsetako etxea eraiki, Eugira azken aldiz joan eta inbertsioak zaindu zituen.
 

Nolakoa izan zen bere bidaia Ameriketara?


Aitak askotan hitz egiten zuen hunkituta mendebalde urrunera egindako bidaiaz. Zioenez, Eugitik 10 kilometro baino urrunago inoiz joan gabea zen, Frantzian itsasontzi handia hartu arte. Hemeretzi urterekin New York hirira heldu, ospetsua zen euskal hotelean egun pare bat eman eta trenean sartu zuten “Walla Walla Washington” zioen txartel bat lepoan zintzilikatuta. Bidaia luze hartan ez omen zuen asko jan, ez zekielako nola esan gose edo egarri zenik. Yakima Valley-ra heldu eta handik egun gutxira artzain aritu zen bakar-bakarrik bertako mendietan, nahiz eta ez zen inoiz artzain aritu Euskal Herrian. Bakarrik eta beldurtuta, negar ere egin zuen. Esperientzia mingarria eta gogorra izan zen.
 

Pareka daitezke Robert Laxalten Sweet Promised Land liburuko istorioa eta zure aitarena?


Istorio horrek ongien irudikatzen duena da, nire aitak ere, Ameriketan berrogeita hamabost urte egin ondoren, ez zuela Eugira bueltatu nahi. Azkenean guk ere etxean konbentzitu genuen. Esperientzia polita izan zen beretzat. Halere, badaude ezberdintasunak Laxalten istoriotik. Aita Ameriketara heldu eta laster protestante ebanjeliko bihurtu zen. Horretaz gain, 1950eko hamarkada erdialdean Moses Lake herritxora joan zen bizitzera. Aita hiriko gizona zen; bizitza urbanoarekin loturiko lanetan aritu zen.
 

Euskal Herriko senideekin baduzu harremanik?


Bai, gainera azken lau hamarkadetan areagotu egin da. Lehen nire aitak bere ahizpa gazteenei, Juanita eta Carmeni, kartak idazten zizkien. Kartak Frantzian eta Espainian 1940-1980 hamarkada bitartean zer gertatzen zen jakiteko bidea izan ziren. Bestalde, Juanita gure etxera etorri zen bizitzera denboraldi batez eta horrek Euskal Herriko senideekin harremanak estutu zituen.
 

AEBetako mendebaldeko euskaldunak aztertzen aritu zara. Zer esango zeniguke beraiei buruz?


Nire ikerketa bertako historia eta literaturaren inguruan da batez ere; beraz, euskaldunei buruz idatzi dudanean AEBen mendebaldeko historiaren parte bezala nabarmendu ditut. Ameriketara joandako euskaldunen historiak Europa mendebaldetik joandako beste batzuen antz handia du. Halere, badaude ezberdintasunak. Euskaldun gehienak mendebaldean kokatu ziren eta orain bigarren eta hirugarren belaunaldiko euskaldun askok gurasoen errantxoak utzi dituzten arren, zeuden zonatan gelditu dira. Horregatik dira oraindik ezagunak euskal komunitateak Boisen (Idaho) edota Bakersfield, Chino eta San Frantziskon (Kalifornia); Buffalon (Wyoming); Reno eta Gardnerville-Minden (Nevada). Nire ustez euskaldunek beraien ohiturak gorde dituzte: herritxotan gelditzen dira, nekazal balioak mantentzen dituzte, gutxitan atxikitzen dira elkarte politikoetara, eta normalean enpresa eta zuzenbidean lizentziatzen dira. Alor politikoan, asko errepublikarrak dira, eliza katolikoari atxikita, eta Amerikako elkarte patriotekin identifikatzen dute euren burua. Halere, euskal-amerikar gehienak euskal herritar eta amerikar sentitzen direla uste dut.
 

Zure burua euskalduntzat jotzen duzu?


Bai, eta horrela adierazten dut, adibidez, nire baldbasq@unm.edu e-posta helbidean. 1970eko hamarkadan euskal-amerikarrak aztertzeko beka jaso nuenetik eta ondoren egindako lanen ostean, nire euskal nortasuna areagotu egin da.
 
Euskaldun erdia eta amerikar erdia naiz, zeren eta nire aita euskalduna zen eta nire ama nortasun etniko ezberdinen nahasketa. Halere, ez dut nire burua inoiz amaren jatorri etnikoekin identifikatu.
 

Nola ikusten duzu euskal kulturaren etorkizuna AEB mendebaldean?


Reno eta Boiseko Euskal Ikerketa programak euskal-amerikarren kontzientzia kulturala mantentzeko eta indartzeko itzelezko ahalegina ari dira egiten. Etorkizunaren giltza da NABOk (North American Basque Organization) eta herrietako euskal zentroek energia dantza, hizkuntza eta kulturan bideratzea, horrela euskal nortasun etnikoa bizirik mantentzeko. Amerikar kulturak homogeneizatzea bultzatzen du, baina euskal-amerikarrek beraien bi kulturak zaindu beharko lituzkete, hots, euskalduna eta amerikarra.
 

Sweet Promised Land oraindik euskal diasporaren liburu ospetsuena da. Zein da euskal-amerikar literaturaren egoera gaur egun?


Laxalten eleberri-biografia paregabeak mendebaldeko euskaldunei buruz interesa duenarentzat lehen irakurketa izan beharko luke. Horretaz gain, gomendatzen ditut: Laxalten beraren The Basque Hotel, bere alaba Monique Urzaren The Deep Blue Memory, eta Frank Bergonen Shoshone Mike edo bere beste edozein. Beste asko ere bidean datoz, Martin Etcharten The Good Oak, adibidez.
 
Laxalten liburu ospetsua 1957an argitaratu arte euskaldunei buruz idatzitako fikzio eta ez-fikzio gehiena ez-euskaldunek idatzia zen, askotan igandetako eranskinetan eta oso azaletik. Azkenaldian dozena bat idazle euskaldun baino gehiago aritu dira mendebaldeko euskaldunen inguruan fikzio, biografia eta lan historikoetan. Seinale ona da.
 

Eta ikerketa historikoaren egoera nolakoa da William A. Douglassek eta Jon Bilbaok Amerikanuak: The Basques in the New World argitaratu zutenetik?


Orain dela 30 urte baino gehiago argitaratu zen lan aitzindari hori da oraindik mendebaldeko Ipar-Ameriketako euskaldunei buruzko ikerketarik onena. Halere, badaude irakurri beharreko beste lan batzuk. Esate baterako, Jeronima Echeverriaren Home Away from Home: A History of Basque Boardinghouses, mendebalde urrunera joandako lehen belaunaldiko euskal artzain eta familiei buruz. Badago hamabost euskaldun esanguratsuren biografia bilduma bat, Jeri Echeverriak nirekin editatutako Portraits of Basques in the New World. Badago, baita ere, euskal kokaleku garrantzitsu baten monografia eredugarri bat: John eta Mark Bieter-en An Enduring Legacy: The Story of Basques in Idaho. Eta gainera, euskal komunitate bati buruz xumeki eta eleberri erara hitz egiten digun Gregory Martinen Mountain City. Orain, gainera, euskal-amerikar esanguratsuen inguruko liburu berriak jasotzen hasi gara; adibidez, David Rioren Robert Laxalt: The Voice of the Basques in American Literature.
 
Oro har, 1960ko hamarkadatik aurrera euskaldunei buruzko lan esanguratsuak izan ditugu. Eleberri-idazle, historiagile eta ikertzaileak ari dira batez ere, eta gehienak euskal jatorrikoak ditugu. Kontu hauei buruz ezagutza freskoa eman nahian ari dira fikzio eta historia bitartez. Eta hori ospatzekoa da.
 

Zu ere asko idatzia zara.


Ia berrogeita hamar liburu idatzi eta editatu ditut, gehienak mendebaldeko literaturaren eta historiaren inguruan. Garrantzitsuena, Beyond the Missouri: The Story of the American West. Euskaldunei buruz editatutako liburuak Basques of the Pacific Northwest; aurretik aipatutako Portraits of Basques in the New World eta Douglassekin idatzitako Basque Americans erreferentzia lana dira. Horiez gain, artikulu asko idatzi ditut mendebaldeko euskaldunei buruz.
 

Baduzu proiekturik esku artean?


Orain bukatu berri dut Abraham Lincoln eta mendebaldeari buruzko azken lana. Gero, nire ametsa da artzain errantxo batean nire aita euskaldunarekin igarotako haurtzaroari buruz idaztea.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ameriketara
AEBetako gas-ganberan hil zuten euskal artzaina

Bizi hobeago baten bila Ameriketara artzain joan ziren euskaldunen arketipo jakin bat iritsi izan zaigu, normalean literaturaren bidez, erruz lan egin eta euren sorterrira diru apur bat eginda itzuli ziren horiena. Bada beste historia bat maiz kontatzen ez dena: lurralde urrun... [+]


2019-07-04 | Fernando Merino
Juan Sebastian Elkano

Lehen mundu biraren bosgarren mendeurrena ospatzen ari gara eta Juan Sebastian Elkanori dagokio horren loria eta ohorea.


2017-01-29 | Jakoba Errekondo
Sagard eta huroiak

Kosmopolita da getozka, Portulaca oleracea. Munduan barrena hara eta hona hedatu dugu, jakinaren gainean edo azpian, eta toki askotan ondo bizi da. Noranahitarra da, eta edonon nonahikoa. Dakigun guztia bezala, ez dakigu oso ondo nongoa den. Landareez ari garenean, ikaragarrizko... [+]


'Katalina de Erauso' Pastoral
A character hidden on stage

During the 17th century, an adolescent runs away from the Dominican convent in Donostia because it feels like a prison. Going to America, the adolescent fights for the king of Spain and oppresses the local people; spends decades shaking a sword around in the New World. No, it is... [+]


Eguneraketa berriak daude