Obama eta krisiagaz munizioak ahitu dira Victorvillen

  • Kalifornian ezin omen da etxerik saldu, baina fusil eta pistolentzako balak komertzioetara iritsi ahala agortzen dira. Etxegintza izoztuta dago, zerga eta negozio iturri ziren auzotegi berriak beren etorkinekin kezka iturri bihurtu dira, beldurra obsesio bilakatu. Akabo berdintasun ametsak.
Annie eta Jerri, Kaliforniako Victorville inguruan arma denda
Annie eta Jerri, Kaliforniako Victorville inguruan arma denda "famili giroko" baten jabeak

Barack Obama denetik AEBetan presidente, aski arma eta munizio ez da hango komertzioetan. Beldurrak biderkatu egin ditu salmentak. Beldurrak? Beldurrak, bai. Batetik dago presidente berria erasoko fusil eta bestelako arma batzuk legez kanpo uztera ote doan kezka, eta hori gertatu baino lehen nork bere etxeko altxorra hornitzea. Baina gainera errepublikanoak hedatzen ari dira halako paranoia bat, alegia Barackek “sozialismoa” ezarri nahi duela AEBetan (“gorriak datozela” esango zuten gurean), eta horri erasten zaio krisi garaian gogortu den beldur giroa, arrazismoari ere lotua.

Kontuotaz artikulu polita idatzi du Alternet gune ezkertiarrean Yasha Levine-k: “Apaletan ez dago muniziorik. Armazaleak Obama-lipsiaren beldur ote dira?”. Hitzjokoa egin du Obama eta apokalipsia lotuz; aipatzen dituen apalak munizioak eta armak saltzen dituzten komertzioetakoak dira. Hilabeteotako fenomeno kezkagarria irudiztatzeko Los Angelestik nahiko hurbil den Victorville hiriak balio izan dio.

Nonbait izan bada eskandaluzkoa etxegintzaren booma Kaliforniako hiri honetan izan da. Kreditu errezen haize gozoaren bultzadaz, etxeak eta jendeak ugaldu ziren Mojave Desert basamortuan eraikitako Victorvillen. Urte bakar batean, 2007an, %9,5 handitu zuen bere biztanlegoa, 107.000raino iritsiz. Horregatixe, etxegintzaren gainbehera heldu denean, beste inon baino gogorragoa izan da erorikoa Victorvillen. “Gaur –idatzi du Yasha Levinek– Victorvillen agortu egin dira armak eta tiragaiak, baina, aldiz, etsipena eta paranoia ugari daude”.

Ia herritar guztiek omen daukate armaren bat edo bi Victorvillen. Non tira egin ez dute falta, aski baita kotxea hartu eta basamortuan sartzea: ordu laurdeneko bidea eginda edonork dauka nahi adina tiro egiteko aukera. Baina orain munizioak lortzea da arazoa.

Saltzaile batek aitortu dio Levineri bi egunez 11.000 dolarreko kaxa egin duela 9 milimetroko balak salduz. “Sekulako diru pila da gurea bezalako denda txiki batentzako”. Hipermerkatu handietan berdin edo hobeto doaz salmentak. Kazetariak entzun dituen zurrumurruen arabera, Victorvilleko Wal-Marten aurten apirila arte saldu omen dute aurreko edozein urtetan baino gehiago.

Wal-Marteko arduradunek ez diotenez informazioa berretsi nahi izan, hiperrera hurbildu da Levine eta bertan ikusi du armak eta munizioak saltzen diren atalean tiragaien apalategiak huts-hutsik daudela. Salmenta arduradunak argitu dio gauez ekarri eta apalak bete ahala, hurrengo eguerdirako ez dela deus geratzen saltzeke. Balak erosi nahi dituenak onena omen du deitu eta enkargatzea, erreserbatu diezazkioten.

Armarik ez daukatenak ere ari omen dira munizioak erosten, “badaezpada ere”. Kanpin eta aire libreko jardueretan espezialdutako industriak argitaratzen duen Outdoor Wire aldizkariak Barack Obama izendatu du “Urteko arma saltzailea”. Hilabeteotan FBIk armak kontrolatzeko daukan zerrendan izen emateak %50 ugaritu dira. Winchester markako tiragaiak fabrikatzen dituen Olin Corp. enpresak etekinak %20 handitu ditu.

Zenbait hiritako polizia sailek tiraketa praktikak murriztu behar izan dituzte balarik gabe aurkitzeko beldurrez. Garestiak dira balak, 9 milimetroko 25 aleko kaxa 25 dolarretan saltzen da, eta badira munizio askoz garestiagoak. Baina beldurrarentzako garestirik ez, nonbait.

Beroalditik errealdira

Los Angelesetik 300 kilometrotara Mojave desertuan eraikia, krediturik arriskutsuenetan sartuz handitu dute milaka etxe jabe berrik Victorville. McMansion txalet aberasberririk nonbait ikustekotan, hemen begiratu. Amets Amerikarra edonoren esku zegoela zirudien, baita soldata txiki bat kobratuta ere.

Sei urtetan bi halakotu zuen biztanlegoa Victorvillek. Kaliforniako hegoalde osotik iritsitako etorkinek egin dute hiri hau Los Angeles bera baino etnia ugariagoko. Baina Victorvillen ez da industriarik eta jendeak soldata irabazteko bi ordutara dauden lantokietara jo behar du.

Ametsak ez du asko iraun. Etxeen prezioak 2000. urtea baino lehenagoko mailara jaitsi dira. Victorvilleko etxe gotor asko hutsik dago gaur, beste asko eraikitze bidean geratuta, etxeek inguruko desertu antzuaren itxurarekin bat egiten dutela.

Langabezia bi halakotu egin da hemen urte betean, %12,5etik %18,5era, AEBetako mediatik oso gora. Kriminalitatea abiadura berean handitu da, auzotegi batzuetan are gehiago. Honek gaiztotu egin ditu Victorvilleko kaxko zaharreko biztanleen eta kanpotik etorri berrien arteko ezinikusiak.

Hiri zaharrean jende kontserbadoreak bizi dira, desertu ertzeko bizimoduan ohituak. Base militar garrantzitsuak zeuden bertan; II. Mundu Gerratik zegoen handi bat duela hamar urte itxi zuten, baina Marineen kaserna handiak martxan dirau. Orain dela hamar urte, kreditu merkeek berotuta milaka kanpotar iritsi aurretik, Victorvilleko gizonezkoen artean seitatik bat armadako beteranoa zen.

Herritar zuri kontserbadore militarzaleak batetik eta etxe jabe ez-zuri kanpotarrak bestetik, krisian murgildutako hiri trakets batean... horra koktek egokia bortizkeria arrazistak indar har dezan. White Aryan Resistance mugimendu arrazistaren buru Tom Metzger-ek lotsarik gabe aitortu du: “Hemen kimika hemen dago gero eta arrazismo handiagoa izan dadin”.

Hortik gorrotozko krimenetarako urratsa arin ematen da. Komunikabideek zenbait kasuren albistea eman dute, baina askoz gehiago geratzen dira ahaztuta. Eskolako ume eta gazteen artean ere badira borrokak arraza aferez kutsatuak. Hammerskin Nation mugimenduko sei skin arrestatu berri ditu poliziak hilketa saioengatik.

Ez da muturreko talde horiekin nahastu behar baina krisiak sortu duen olatu eskuindar beraren baitan ikusten dituzte aditu batzuek AEB osoan ugaritu diren Tea Party direlakoak. Apirilaren 15ean bilkurak antolatu ziren Barack Obamak eragin nahi omen duen balizko sozialismo kolektibistaren kontra azaltzeko. 1773ean “tearen matxinada” gertatu zen Boston hiriko portuan ingelesek ezarritako zergen kontra. AEBen independentziarako mugimenduaren hasiera izan zen.

2009ko Tea Partyetan zergetaz asko hitz egin zen. Isekaz “Osama” (Bin Ladenekin alderatzeko) deitzen dioten Obamak zerga gehiegi kobratu nahi omen ditu eta amerikar zuri zintzoei laguntzeko ordez diruok xahu kanpotik etorritako jende ilun alferrak mantentzen.

Argazki oina: Argazkikoak Annie eta Jerry dira, Kaliforniako Victorville inguruan arma denda “famili giroko” baten jabeak. Annie’s Get Your Gun (Annieren dendan dago behar duzun arma) du izena haien webguneak, daukaten komertzioak “Annie’s”, Annierena. Fotoan ikusten den segurtasunezko kutxak erantsita daukan idazkiak dio: “Armak kriminalei kendu, ez beren biktimei”. Obama presidenteak arma batzuen (ez guztien, inondik ere) salmenta mugatu nahi duela eta, paranoia zabaldu da iskiluen erabilera librearen aldeko eta pentsakera kontserbadoreko jendeen artean. Baina munizio stockak agortzeak bestelako irakurketak ere eskaintzen ditu. Krisiarekin ikara giroa eta xenofobia indartu baitira azken urteotan beroaldian zeuden lekuetan.

Informazio gehiago:


ASTEKARIA
2009ko maiatzaren 24a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude