argia.eus
INPRIMATU
Jauziaren garrantziaz
Unai Brea @unaibrea2 2009ko maiatzaren 24a
Halaxe egitea gomendatu ziotelako, Elena Herranek oso gai zehatza aukeratu zuen doktorego-tesia osatzeko: jauzia. Hamabost umerekin egin zuen lan, eta guztira 3.600 jauzi aztertu zituen.


Jauzia, hara zer gauza ustez sinplea, tesi baterako gai...


Bai, hala da. Lehen haurtzaroaren amaieran ikasten da jauzi egiten, urte birekin-edo. Automatismoa da, korrika egitea bezala, baina lehenik egiten ikasi behar dugu. Gero, errepikapenaren poderioz, ikasitakoa automatismo bihurtzen da. Azken batean autonomia puntu behinena litzateke saltoa: ez bakarrik aita eta amaren eskuetatik askatu; gainera inpultsu batez, nahita, grabitateari aurre egitea. Jauzi egitea zorabioari aurre egitea da. Oinez eta ikasi eta berehala hasten dira saltoka ume txikiak, baina batez bi urtetik hirura ematen da prozesua.

Eta zer dago prozesu horren atzean?


Automatismoa oso gauza sinplea da, oinez ibiltzea adibidez. Hanka bat bestearen aurrean ipini. Baina norberaren sentipena ere bada: aurrera noa, atzera noa, mugimendu horrek sentiarazten dit neure burua. Eta bada hirugarren elementu bat, nire ustez psikologian albo batera utzi izan duguna sarritan: norberaren jarduna munduarekiko. Airean txaloa jotzea izugarrizko adierazpena da umearentzat, ez da bakarrik bere mugimendua, bere oreka... baizik eta, gainera, munduaren aurrean egiten duen zer edo zer, eta hori garrantzitsua da, mugimendu pasiboak ez daukalako inolako eraginik, benetako eragina izateko norberak sortua izan behar da, nik ume bat alde batetik bestera eramanda ez diot ezertan laguntzen, aldiz, egiten uzten badiot... Autonomia horretan irabazi egingo du eta azkenean pertsona bihurtuko da. Hori da helburua. Nik jauziak aztertu nituenean, bazegoen neska bat, ia batere egiten ez zuena. Izan ere, bere baitan oso itxitako umea da, autista ez baina autismotik gertu. Bata bestearekin doa, gorputzaren mugimendua eta inguruarekiko harremana.


Zer ari zara ikertzen orain?


“Etxetxoa”, gaztelaniazko “casita”. Umeek, jauzi egiten ikasi eta gero, etxetxoa prestatzeko eskatzen dizute, edo bestela eurek zuloa aurkitu eta barruan sartzen dira. Hori da jauziaren ondorengo eraikuntza psikologikoa, oso interesgarria zeren, eraikuntza horrekin batera, beldurra agertzen da, otsoa alegia. Jauziarekin gainditu dute beldurra, eta orain berriz agertzen da kanpokoan proiektatuta.
Eta datorren urterako beste ikerketa bat prestatzen ari naiz: lau hankatan ibiltzeak zer garrantzi daukan umeen garapenean, hau da, ez ibiltzeak zer ondorio dakarren. Gaur egun, daukagun bizimoduagatik, ume asko ez dira lau hankatan ibiltzeko fasetik pasatzen.

Psikomotrizitatea erasokortasuna bideratzeko modua dela esan dugu. Frustrazioa lantzeko ere balio du, ezta?


Bai. Umeen frustrazioa saihestea oso joera zabaldua da gaurko gizartean, eta antinaturala da. Guk mahai-jolasak erabiltzen genituen gelan, eta konturatu ginen ume batzuei, arazoak zituztenean, errazegi eskaintzen geniela laguntza irabazi ahal izateko., eta hori erabat kaltegarria dela. Ni harritu ninduen horrek. Amorratu beharra zuten, puntu bateraino, estrategia aldatzeko. Horrek frogatzen digu inolako erronkarik ez badago ez dugula aurre egiten.