argia.eus
INPRIMATU
Europar mobilizazioa eta greba orokorra
Juan Mari Arregi 2013ko maiatzaren 06a
Ekonomia krisia langileen eta sindikatuen gero eta erantzun gogorragoa jasotzen ari da. Europan langabeziak izan duen gorakadak arduratu egin ditu orain arte zuhurtasunez itxaron duten sindikatuak. Momentu honetan baina, langile klasea krisiaren ondorioak jasaten ez ezik, bere bizitzarekin ordaintzen ari da. Horrela, joan den asteburuan, hilaren 14, 15 eta 16an, Europako Sindikatuen Konfederazioak manifestazioak antolatu zituen Madrilen, Bruselan, Berlinen... CCOO Bilbon mobilizatu zen. Manifestazio horiekin New Deal (“paktu sozial” berria) europarraren alde egin zuten, langabeziaren aurrerakada geldiarazi eta aurten, Europa osoan, %12ra irits dadila saihesteko. Kaleratzeen kontrako plan berezia eskatu zuten, lanegunaren murrizketa eta konpentsazio mekanismoetan oinarritutakoa, soldaten jaitsierarik ez izateko.

Ostegunean, hilak 21, Hego Euskal Herrian greba orokorrera deitu du gehiengo sindikalak (ELA, LAB, ESK, EHNE, STEE-EILAS, HIRU). CCOO eta UGT kontra azaldu dira, esanez ez dela momentu egokia eta ez zitzaiela lehenago galdetu. Salbuespenezko neurri honen bidez, deialdia egin dutenek enplegua suntsitzea salatu nahi dute –urtebetean %42 igo da–, bai eta patronalaren xantaia etengabea ere beren hitzarmenak negoziatzeko garaian. Modu berean, krisiari Euskal Herritik aurre egiteko instrumentuak exijitzen dituzte. Kapitalismoa salbatzeko nazioarteko Gailur ugariren ondoren, langile klasearen eta herri sektoreen ordua heldu da, haiek baitira krisiaren ondorioaren zama gainean daramatenak.