argia.eus
INPRIMATU
Eta Zaldiko eta Karrikiri batuz gero?
Xabier Letona Biteri @xletona 2013ko maiatzaren 06a
Zaldiko Maldiko da Iruñeko euskara elkarte zaharrena. San Ferminetako euskaldunen txokoa delako ezagutuko dute euskal herritar askok. Bere egoera ere ez da bere historiako indartsuena eta azken urteotan jardunari buruzko erreflexiorik ere egin izan du. Karrikiri eta Mutikho Alaiak peñarekin batera, aurten ere “Karrika gurea da”egun osoko festa eguna antolatuko dute maiatzaren 31n Udaletxe Plaza, Mercaderes eta Estafeta kalean zehar.

Aurtengoan, gainera, Donibane Lohizuneko Begiraleak elkartekoen laguntza izango dute, eta datorren urtean iruindarrak bisita itzultzekotan dira. Azken urteotan ez da festarik antolatu, eta aurten elkarte biek berearenak eta bi emango dituzte egun horretan giro ederra sortzeko.

Elkarte bien egoitzak Alde Zaharrean dira. Zaldiko Maldikok batez ere kultur ekitaldiak antolatzen ditu, badu elkarte gastronomikoa, bazkideak, bulegoetarako tokia, historia... Karrikirik ere bazkide kopuru esanguratsua du, denda, zerbitzu eskaintzak, aldizkaria eta, garrantzitsuena, antolaketa eta militante talde sendoa.

Badakit talde bakoitzak bere izaera eta historia duela, badakit kanpotik egindako hausnarketa dela, ezjakinaren ausardiaz egindakoa ere izan litekeela, baina galdera berez dator: eta zergatik ez dute bat egiten? Eta badakit, ondo jakin ere, euskaldun askoren pozgarri litzatekeela eta abagune berri bati ekiteko aukera ere bai.