EAEko erakunde politiko gorena sozialisten eskuetan gelditzea, kezkarako motiboa da kulturgintzaren eta euskalgintzaren sektore zabal batentzat. Eta mehatxua izan partez aukera balitz?
Izan ere, sozialistek ongi baino hobeto dakite, nazionalista espainiar gisa jokatzeko tentazioari amore emanez gero, kulturgintzako eta euskalgintzako indarrek oldarrean erantzungo lieketela. Horregatik, arrisku horretatik azkar alde egiten ari da saiatzen Jaurlaritza berria. Baliteke euskal kulturaren ikurpean diharduten erakunde eta elkarteekiko harremanak ondo baino hobeto zaintzea sozialistek. Aprobetxatu beharreko aukera zabalduko ote zaie kulturgintza eta euskalgintzari?
Ikus dezagun zer zioen Maialen Lujanbiok duela gutxi: “Eremu itxia eta zurruna da euskal kulturarena, asuntu konplexua da hori, baina baita konplexuei dagokiona ere”. Konplexuak konplexu, kulturgintzaren kezketako bat da “euskal kidetasuna” ez dela joko-zelairik egokiena, indibidualtasuna hedatzen ari den garai post-modernootan: “Adituek diote Euskal Herriak oraindik mantentzen duela bere izaera modernoa, gu-a; eta gaur egungo garaiak, aldiz, indibidualagoak, ni-aren garaiak dira”, Lujanbioren hitzetan.
Herri honetan dirauen kidetasun sentimenduak mendebaldeko lurralde gehienetan baino handiagoa izaten jarraitzen badu, posible dugu gure izaera kultural eta identitarioa oinarri horretatik eraikitzen jarraitzea; kidetasun horren iraupena ez da, berez, oztopoa. Baina, aldi berean, kontuan izan behar dugu euskal kidetasuna ez dela erakargarria herritar guztientzat; batere xarmarik gabea zaie batzuei. Edo, areago, eskaintza hori euskal abertzaletasunaren ikur gisa ikusten badute, onartezina eta arbuiagarria.
Bestalde, indibidualtasuna pisu handia ari da hartzen, baita euskal kidetasunean bertan ere. Eta joera hori ere baliatzen jakin behar du kulturgintzak, bide egiten jarraitu nahi badu. Aro post-modernoan, kultura-kontsumoa hautu indibiduala bihurtu da, eskaintzaren nolakotasuna baino ez kontuan hartuz; ez eskaintza horren sorburua.
Hortaz, bi aukera osagarri –ez, kontrajarri– horiek ditu kulturgintzak: kidetasunarena zein indibidualismoarena. Biak ala biak balekoak dira, baldin eta euskalgintzak eskaintza erakargarria egiten badie kontsumitzaileei. Kasu horretan, euskaltasunaren kide sentitzen ez diren kontsumitzaileek ez lukete zalantza izpirik izango halako zerbitzu/produktuak itsu-itsuan kontsumitzeko, euskal kulturgintzak sortuak badira ere.
Berreskura dezagun hasierako ikuspuntua; alegia, sozialistak Eusko Jaurlaritzara iritsi izana. Sozialistek euskalgintzaren alde egiten badute, babes edo itzal hori ez zaie lagungarria izango euskal zerbitzu/produktuei, kontsumoaren merkatuan kuota handiagoa lor dezaten? Batetik, euskal kidetasunaren eremu kulturala eta identitarioa abertzaletasunetik harantz hedatuko litzateke. Bestetik, kulturaren eta identitateen merkatuan lehiatzeko –batzuen begiradapean– oztopo den abertzaletasunaren estigma galduko luke euskal kulturak.
Lujanbiok argi zuen garai postmoderno hauetan kulturaren transmisioa ez dela modu naturaletan egingo: “Estrategikoki antolatua izango den zerbait izan behar du transmisioak...”. Nola? Agian, sozialisten aro hau baliatuta, ohiko kidetasunari erantsiz merkatu-legeak eskatzen dituen puntako produktu/zerbitzuaren erakargarritasuna eta estrategia komertziala?