Euskaltzaindiaren Euskaltzainak bildumak argitaratu du Jean-Louis Davanten Zuberoako Literaturaz. Antologia laburra izeneko liburu hau. Aurretik baziren Zuberoako letren antologiak, besteak beste, Txomin Peillenen Zuberoako itzal argiak eta Davantek berak egindako Zuberoako idazle zenduak. Baina aurrenekoak XV, XVI eta XVII. mendeak landu zituen, eta bigarrenak XX. mendekoak. Bien arteko hutsunea betetzera dator, beraz, Davanten lan berria, XVIII eta XIX. mendeetako testuak bilduz, gainontzeko mendeetako ondarea osatzearekin batera. Hautatutako idazleen artean, batzuk aipatzearren, Agosti Xaho, Jean Iribarne, Aña Urruty eta Beñat Mardo daude.