argia.eus
INPRIMATU
Umeen otitisari aurre egiteko neurriak
Jabier Agirre 2009ko maiatzaren 12a
Umea
Umea
Umeengan aski gauza arrunta izaten dira otitisak, belarriko infekzioak alegia. Baina otitisak ez dira beti berdinak, eta horregatik garrantzi handikoa da pediatraren diagnostikoa, otitisa belarriaren zein zatitan dagoen eta haren jatorria zein den –alegia, bakterioek edo birusek eragindakoa ote den– jakiteko, eta kasu bakoitzean tratamendu egokia agintzeko.

Kanpoko otitisa belarriko entzunbidea estaltzen duen larruazaleko infekzio batek sortua izan daiteke, eta kasu horietan antibiotikoren bat aginduko du medikuak, tanta moduan, belarrian emateko. Erdiko belarriko otitisean, aldiz, birusek eragindako inflamazioak izaten dira prozesu infekziosoaren sortzaileak, eta baita sudurretik kanporatzen ez diren muki pilatuak ere, umeak hotzeria edo katarroa harrapatu duelako. Baina erdiko belarrian muki edo zorne asko pilatzen bada, gehiegizko likido horrek tinpanoaren gain presio handia egingo du, azkenean tinpanoaren mintza hautsi egingo da, eta belarritik mukia edo zornea kanporatuko du umeak.

Infekzioak umearen tinpanoa hautsi eta zornea kanporantz ateratzen denean, mina baretu egingo da. Baina umeak itxura hobea duen arren, eta sukarra agian desagertu egin bada ere, tratamendua jarriko du medikuak, tinpanoa behar bezala orbaindu edo zikatrizatu dadin, eta belarriaren barruan azal edo bestelako hondarrak gera ez daitezen, luzarora belarriko hezurtxoetan lesiorik sor ez dadin, eta horrekin batera entzumen-galerak ere baztertzeko. Hala ere, hiru otitis kasutatik bi birusek eraginak dira, ez bakterioek eraginak. Eta horrek esan nahi du tratamendu berezirik gabe sendatzen direla, beren kasa ia. Horregatik, gehienetan nahikoak diren neurri sinple batzuk gomendatu nahi dizkizuet:

· Estatistikek diotenez, amaren esnearekin elikatutako haurtxoek biberoia hartzen dutenek baino otitis gutxiago dute (hamahiru aldiz gutxiago).
· Askotan, mukiak pilatzeak eragindako mina besterik ez da izaten. Hidratazio egokiak muki horiek fluidifikatu egiten ditu, eta horrela ez dira hain erraz gogortu eta pilatuko.
· Garbitu mukiak zure haurtxoari farmazian erositako serum fisiologikoarekin. Tantaz tanta ematen da, sudurzuloetan. Horrela mukiak “urtu” egiten dira, eta errazago kanporatuko ditu umeak, zintz eginez.
· Medikuntza alternatiboek, homeopatiak batez ere, emaitza onak lortzen dituzte zenbait kasutan.