Hatshepsut faraoiaren estatua.
Piztu. Piztu egiten dute landare batzuen esentzia lurrinek. Matrailak gorritzerainoko oxigenazioa eragiten du, Vetiveria zizanioides, vetiver esentzia duten lurrinek. Horixe piztea! Parfum mitikoren baten lau ttanttak erretreta hurrekoen lepoa tentetu eta kokotsa luzatzen ikusi besterik ez. Piztu, eta nola gainera! Convalaria majalis, mugetaren esentziak maitasuna tentetu eta luzatzen du, piztu.
Tente demonio azalduko zuen mototsa Hatshepsut Egiptoko erreginak ere, Tebasen, faraoi izendatu eta haien adierazgarri nagusietakoa, bizarra, jantzi zuenean. Emakume faraoi urrietako honek K.a. XV. mendean agindu zuen. Bere sona handitzeko Punt erreinura espedizioa antolatu zuen. Erreinu hura egungo Somalia, Eritrea, Djibuti eta Etiopiaren artean zela uste da. Bertatik, tximino eta morroi nano preziatuekin batera, espeziak eta lurringaiak ekarri zituen. Baita gaiok sortzen zituzten zuhaitzak ere. Haren hilobi arranditsua behar zuenaren hormetako marrazkietan, ontzi berezien altzoan zetozen intsentsu zuhaitzez bizkarra mukuru daraman txalupatzarra ageri da. Hilobiko lorategietan landatu zituen, intsentsu mitikoa sortzen zuten-eta ordura arte ezagutzen ez ziren zuhaitzok (Boswellia sacra). Itxura guztien arabera, horrek indar handiagoa eman zion faraoiari, piztu, eta intsentsuz egindako lurrinak itotzen zuen bere ingurua. Hori baieztatzeko bidean dira Bonngo Unibertsitatean. Hango museo batean dute hilobitik lapurtutako lurrin-potoa eta bertako arrastoak ikertzeari ekin diote. Intsentsua da esentzia nagusia, baina erretenerako beste zein esentzia zuen gustuko jakin nahi.
Milaka urte geroago, Gaza hiria inbaditu zuenean, Alexandro Handiak harrapatutako altxorren artean 500 talentu intsentsu aipatu zituen. Egungo baloreetara ekarriz, intsentsu soiletan 180 milioi euroko balorea atzeman zuen. Ez dakit paparrean intsentsua eramatea gustuko zuen, baina ospil hark adore eta kemen galanta erantsiko zizkion bere gogoari. A zer piztualdia!