Josu Santesteban
Barka, internauta pornografia zaleok. Bilatzailean Letizia Bruni deitura sakaturik Italiako zinema pornoko izar distiratsuaren irudi pizgarriak aurkitzea espero zenuten, eta hara non egin duzuen topo libidoari doakionez bromuroa bezain motelgarria den ene artikulu honekin. Titulua pentsatu dudanean ez nekien Letizia Bruni izeneko porno stara existitzen zenik. Azken unean, testua taxutzeko Interneten datu baten bila nenbilelarik jabetu naiz horretaz. Baina, halere, izenburuari eustea erabaki dut, zehar kalteak zehar kalte, Letizia Ortiz eta Carla Bruniri buruz idazteko aproposa iruditzen baitzait, baita –azken unean ezaguturiko kointzidentzia onomastiko horren karietara– haien arteko topaketaren kontura Madrilgo prentsan gailendu den kazetaritza-pornografiaz jarduteko ere. Esan bezala, barka, mi scusi, sorry. Milaka internauta pornografia zaleei azalpenak eman eta gero, segi dezadan aurrera argia.eus-en zein ARGIAren paperezko edizioaren ohiko jarraitzaileentzat. Kontua da zur eta lur utzi ninduela apirilaren 28ko El País egunkariaren azaleko irudiak. Carla Bruniren eta Letizia Ortizen ipurdiak, Nicolas Sarkozyk eta haren emazteak Espainiara egindako bisita ofiziala ilustratzeko. Argazkian zehazki bi emakumeok Zarzuela jauregiko eskailerak igotzen ikus zitezkeen, tutu-soinekoak jantzita eta takoidun zapatekin, atzetik harturiko irudian. Nabarmenena, beraz, ipurdiak. Ipurdiak eta zolda. Zolda arrosa eta kazetaritza horia, ustez Espainian erreferentziazkoa den kazetan, ustez aurrerakoia den berripaperean –ikusitakoak ikusita, sozialdemokrata bainoago matxista-leninista–. El Paísen ipurdia bistan. Eta bistan da paperezko prentsa krisian dela. Denok bezala, krisi ekonomikoan. Baina, horretaz gain, eredu krisian. Internetek irakurleak kentzen dizkio eta telebistak agenda markatzen. Eta telebistan irudia da garrantzitsuena. Soilik ikusgarria dena azaltzen da telebistan. Eta soilik telebistan azaltzen dena da albiste. Hala, egunkarietan ere irudia nagusi. Eta Sarkozy jada ez da agintari autoritario atzerakoia baizik eta Carla Bruni ederraren senarra. Eta Felipe printzea jada ez da monarkia bezalako erakunde artritiko eta antidemokratiko baten ordezkaria baizik eta Letizia printzesa dotorearen senarra. Eta El País ez da egunkari serioa baizik eta aleak saltze aldera edozer argazki ikusgarri azaleratzeko prest dagoen kazeta. Eta gero Cebrianek esanen du Interneteko kazetaritza ez dela serioa. Ez dakit zer bide segitu behar duen prentsa tradizionalak ataka estua gainditu ahal izateko. Argi dudan bakarra, bidea ez dela hori.