argia.eus
INPRIMATU
Karlos Arguiñano
“Guardia zibilek euren amentzat argazkia eskatzen didate”
  • Saltsa guztietako perrexila dela diote askok. Oker daude. Berak jartzen baititu biak, saltsa eta perrexila.
Sustrai Colina 2021eko ekainaren 30
Karlos Arguiñano
Dani Blanco

Sukaldaria ez, zu enpresarioa zara!


Enpresarioa izatea soldatak ordaintzea baldin bada, bai. Nik azkeneko soldata hogei urterekin kobratu nuen.
 

Ama, ama, Arguiñano bezalakoa izan nahi dut... Aberatsa!


Une gogorrak ere pasata nago. Zorrak, lan gutxi, seme-alaba pila hazteko, eta gauetan profesionalek baino gehiago alternatzen. Eskerrak orain hobeto nabilen!
 

Pertsonaia publiko-mediatikoa izatea hobeto ibiltzea da?


Guardia zibilek euren amentzat argazkia eskatzen didate, paseoan noala patruila bat nire ondotik pasatzen bada sirena jartzen dit… Zer egin behar dut? Agurtu eta aurrera!
 

Zu omen zara Zarauzko monumenturik bisitatuena.


Jatetxera goizean goizetik autobuskadak etortzen dira ni ukitu nahian, eta denek telebistan ikusi nautela esaten didate. Hola ez dago bizitzerik, ezin dut jasan, ez naiz marrazki biziduna.
 

Hain duzu eragin nabarmena ekonomian...


Gaur untxia prestatzen badut, bihar goizeko 10etarako Espainia osoan ez da untxi bat salgai geratuko. Ez da broma, baserritarrak deika izaten ditut.
 

Telebista ere etxalde handi bat ez ote den...


Telebistan jendea aspertu edo entretenitzen duzu, ez dago besterik. Programa oxigenoa da niretzat. Horregatik naiz edozerekin bromista, errezetekin izan ezik.
 

Ez dakit ba, Asegarce sortzeko ere broma gutxi!


Garai hartan, ETBk uste zuen pilotariek belarra jaten zutela. Orduko pilota mundua zirkua izango zen, baina zirkuan trapezistei ere ordaindu behar izaten zaie, ezta?
 

Horregatik dago ETB Asperen sorreraren atzean.


Kazetari guztiak kontrolatzea gutxi ez, eta diru publikoarekin egin nahi izan ziguten aurre. Hori gangsterismoa da! Gainera hori egin zutenak partiduan saritu egin zituzten.
 

Baina zer da ETB La Sexta-ko akziodun batentzat?


Ez nuen inoiz pentsatuko baina aukera sortu eta sartu egin nintzen. Nik sukaldaria izan nahi nuen jatetxe bat edukitzeko, eta begira, orain denetik daukat. Hori bai, ni ez naiz Zapateroren laguna!

 
Frogatu egidazu hori...


Begira nire sukaldaritza eskola. Askok hemen hizketa egin eta pisuak Espainian erosten dituzte. Nik Espainian dirua irabazi eta hemen sekulako eskola muntatu dut.
 

Marka da gero! Eskola gorrotatzen zuena eskola muntatzen!


15-16 urterekin gazte asko ikusten nituen galduta, eta ofizio bat eskainiz bizimodua ateratzeko aukera eman nahi nien. Oker nengoen, ordea. Kolgatuek kolgatuta segitzen dute, eta eskolara sukaldari izan nahi dutenak datoz.