argia.eus
INPRIMATU
Hogeita bost urte
Andoni Egaña 2013ko maiatzaren 02a
Andoni Egaña
Maddi Soroa
I

Laurogeita lau urte mendeak
Athletic ta Barcelona
Kopa finala, Endikan gola,
suturikan Maradona.
Bertso jartzeko iruditu zait
oso aitzakia ona
zer aldatu da, zer ez hainbeste,
garai haietatik hona?
 
II

Gaur ez bezala lehendakaria
nazionalista nabarmen
oker ez banaiz, artean izan,
“Garaiko”n garaiak ziren.
Alderdiak “krak”, bi ziren ez bat
denbora asko baino lehen
zeuk erabaki maiz Historia
ispilu jolas bat ez den.
 
III

Apalak ziren solterotzako
despedida-afariak
txikiteroak eta herriko
“xelebreak” ugariak…
Besterengatik ari naiz baina
orduan bertsolariak
janzten genitun zapata beltzak
eta galtzerdi txuriak.
 
IV

Pilota ez zen gaur bezain sarri
ailegatzen pantailara.
Gure begiak ez ziren ohitzen
bolidoen abailara…
Orain “ñakua Bengoetxeak!”
“Si! Si! Hamilton se para!”
lehen bezalaxe, igual gehiago,
bi komunitate gara.
 
V

Ohituak geunden ETB eta
ETB-2a ikusten
agintariek hara nolako
trikimailuak dituzten
sekula ere izan al ditu
akuilu batek bi ezten?
euskarazkoai bata erantsiz
pareko jarri zituzten.
 
VI

Neu ere asko aldatu naiz bai,
ta nor ez mende laurdenez?
Gorputza asko, burua maixko,
esperientzia ta senez.
Ilea neukan, gaur bezalatsu,
soldaduzkan nengoenez…
aldaketa bat, hoberakoa
egin dugu zorionez.
 
Doinua: “Pello Joxepe”.