Heldu behar zen gripetik ez da eskapatzerik

  • Mexikoko gripearen sorreraz azaldu diren konspiraziozko teoriak alde batera utzita –industriaren asmakizuna dela, krisia estaltzeko operazioa...– eritasun hori gerta daiteke XXI.eko epidemien eredu. Mundu hiritartu eta globalizatuaren ahuleziez gizendu dira birus berriak.

Mexikotik iritsitako hegazkinetik jaitsi berri diren turistak
Mexikotik iritsitako hegazkinetik jaitsi berri dira turista hauek. Arnasbideak estalita sartu dira aireportuan, gainerako jendeen ez kutsatzeagatik.Público

Idazle eta kazetari asko saiatu da udaberri honetako gripe berria desmitifikatzen. Bat aipatzeko, Los desastres de la guerra bloga egiten duen Gervasio Sanchez aragoitarrak alderatu ditu Mexikotik mundura hedatu den gripe berriak orain artean eragin dituen heriotza urriak eta aurretik planetak dituen beste izurriteenak. “24.000 pertsona hiltzen da egunero gosez, 3.000 malariaz, 3.500 tuberkulosiz, dengez ehunka. Hauek dira egiazkok epidemia, pandemia edo dena delakoen zenbakiak, horiek astintzen dituzte gure bizitzak, ezegonkorrago eginez”.

Baina beste eritasunen neurriak ikaragarriak direlako ez daukagu zertan mesprexaturik asteotan ludia kutsatzen ari dena. Espektakulua gorabehera, zerbaitengatik daude hain urduri mundu osoko agintariak gripe berriagatik. Bestalde, hegaztien, urdeen eta gizakien gripe ezberdinez osatutako oraingo hau esplikatzeko ez dago zertan asmaturik farma-industriaren inolako konspiraziorik. Aspalditik iragarrita zegoena gertatu da, hori besterik ez.

2005ean Asia urrunetik hegaztien gripea hasi zen hedatzen, H5N1 motakoa, eta zenbaitek uste izan zuen hura suertatuko zela XXI. mendeko lehen pandemia handia. Ez zen horrela gertatu. Baina eritasunotan adituek abisatu zuten orduan hegaztietatik gizakietara birusak zuzenean jausi egitea erraza ez zen bezala, zerriak egin zezakeela bitartekari lana. Alde horretatik, Mexikotik asteotan hedatu den H1N1 mota berriak soberan eman die arrazoi.

Soberan, zeren eta H1N1 berri hau hegazti, zerri eta gizaki gripeen osagaiz egina baitago. Baditu bere genoma osatzen duten 8 zatitatik hiru Eurasiako zerrien gripeetatik jasoak, beste bi Ipar Amerikako zerrienetatik, bat gizakiaren gripetik, eta bi Ipar Amerikako hegaztietan aurkitzen dire gripeetatik. Kutsadura ez da, beraz, Asia urrunetik heldu, AEB aberatseko atari den Mexikotik baizik.

A motako gripe hau, bestalde, zerriagandik kristauoi ordainetan “aberastuta” datorkigun oparia da. Zientzia kazetari bermeduna den Javier Sampedrok ondo deskribitu du Madrilgo El País egunkarian, El cerdo nos devuelve el regalo artikuluan. Mexikoko gripearen genomaren aipatu zortzi zatietatik bi geuk urdeei pasatakoak dira, H1N1 zati bat 1918ko gripe “espainiarrean” kutsatutakoa eta H3N2 bat 1968an “Hong-Kongeko gripearekin” utzitakoa.

Xehetasun tekniko horiek, jakintsuen arteko eztabaidagai izateaz gain, edozein herritarri ematen dizkiote gripearen mekanismoak aztertzeko eta ondorengo urteetan zerekin aurkituko den pentsatzeko pista baliozkoak.

Lehenbizikoa, zerrien eta pertsonen artean gaitzotan dagoen harreman estua, bien immunitate sistemek elkarren antza handiagoa dutelako beste animaliena baino. Zerria behin eta berriro azaltzen da mota honetako gaitzetan bitartekari lanak egiten, gizakiaren birusak bere bidez beste animalietara iraganaraziz, eta alderantziz, beste animalienak –hegaztienak bidenabar– zerritegietan barna gureganako bidean ipiniz.

Zerritegiak laborategi

Bigarren pistak lotzen ditu birusok eta abelazkuntza industriala. Orain baino lehen, 2003an, Science aldizkariak gripeari buruzko dossierrean nabarmendua zuen: urdeen gripea borrokatzekotan aldatu beharra dagoela aziendok hazteko sistema.

Zerri granjak ez dira gauza berria, baina 1990eko urteetan nekazari txerridunak urritu ahala zerritegien tamaina izugarri handitu zen. Sciencek erakutsi zuen 500 zerri baino gehiagoko haztegiak hamarkada batean %18 izatetik %53 izatera iritsi zirela, eta ez zela denbora galdu behar Asiako herrialdeei higiene neurriak eskatuz, AEBetan bertan aldatu behar zela sistema.

Mexikoko influenza eraso hau demostratuta dago Veracruz estatuko La Gracia herrixkatik sakabanatu zela. Perote herriko auzune horretan dauka zerritegi faraonikoa Granjas Carroll haragi multinazionalak, urtean 500.000 zerri hazi eta hiltzen dituena, Smithfield markarekin salduz. All natural da bere leloa... 

Abelazkuntzak bizi duen kontzentrazioaz hona beste datu bat, globalizazioaren eta munduaren hiritartzearen behatzaile famatua den Mike Davisek emana: 1965ean AEBetan 53 milioi urde zeuden milioi bat ukuilutan banatuta. Gaur 63 milioi urde, 65.000 zerritegi handitan.

Munduan alarma askoz beranduago eman zen arren, Veratect Corporation ikerketa enpresak apirilaren 2an piztu zuen argi gorria: Perote herri txikian 400dik gora ziren arnasbideetako infekzioak zituztenak. Ordurako, aurreko aste eta hilabeteetan, uste da Peroteko auzotarren %60k nozitu zituela antzeko osasun arazoak, 1.800 jende baino gehiagok.

Herri horretan zerritegitzarrek eragindako kutsaduraren kontrako protestak ugari izan dira 2007tik. Kiratsa, eltxoak, putzuetako ura edan ezina, kea... Liskarretan atxiloturik ere izan da. Alferrik. Gero, apiril hondarrean, pandemiaren musikarekin kazetariak hurbildu ziren herrira, baina inguru hura “0 eremua” izendatzeaz gain ez dute informazioan asko sakondu. Honaino bestelako oihartzunak heldu dira munduko prentsa irakurketa berezia egiten duten blog eta webguneei esker.

Peste honetaz egin diren analisien artean, nabarmentzekoa da janarien krisiaz eta lur lapurretaz okupatzen den GRAIN erakundeak plazaratutakoa. Abelazkuntza industrialak granja erraldoietan aziendak metatuz, hauek birusak, bakterioak eta bestelako izakiak sekulako abiaduran ugaltzeko eta eten gabe eraldatzeko laborategi bihurtu ditu. Gainera, ukuilu handiok herrialde txiroetan kokatu ditu, metropolian inork auzoan nahi ez dituelako.

Aldi berean, aziendok antibiotikoz asetzen dira eta txertoekin tratatzen. Horrela produkzioa errentagarria da epe laburrean, baina luzera begira mikrobio sail bortitzagoak doaz azalduz. Antzekoa gertatzen da gure ospitaleetako kirofanoetan, non pixkanaka sortu baititugu orain arteko antibiotikoek menderatu ezin dituzten bakterioak. Baina hari honek, ditugun lagun mediku gutxiekin haserretzeaz gain, Argia oso baterako gaia emango luke.

Azken bi hamarkadotan sendotu den eredu globalizatzaileak ez zuen aski, nonbait, finantzen krisiarekin, ingurumenaren estualdiarekin eta guztiaren ondorioz mundu osoan berotzen ari den haserrealdi sozialarekin. Ekaitz perfekto bat bailitzan, zoriak pandemia baten oparia egin dio munduari, mundutarrok abioiz di-da azkarrean barreiatu dioguna. Hurrengo atala, udazkenean.

Argazki oina: Madrilgo Público egunkariaren blogetako batekoa da lerroon ondoko argazkia: Mexikotik iritsitako hegazkinetik jaitsi berri dira turista hauek. Arnasbideak estalita sartu dira aireportuan, gainerako jendeen ez kutsatzeagatik. Ezkerreko emakumearen tixertak ematen du gripe berri honen ezaugarrietako baten berri, munduko hiriburu saila baitauka inprimaturik, hegazkinezko bidaia azkarretan bereizi den globalizazioaren ikur. Urdeen gripe edo influenza deitu zaion arren, gizakietan espezializatua da, zerrien, hegaztien eta pertsonen aurreko birusen aztarnaz osatua. Adituek espero dute ondorengo asteetan motelduko dela gripe honen eragina, baina zalantza gehiagoz daude udazkenari begira, gogorrago itzuliko den beldur baitira.

Informazio gehiago:


ASTEKARIA
2009ko maiatzaren 17a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude